Azkoitiko Udalak herrian hitanoaren erabilera sustatzeko egitasmoa aurkeztu zuen joan den maiatzaren bukaeran. Egitasmo hori garatzeko hainbat ekintza egin asmo nahi izan ditu, eta horietako lehendabizikoa egitasmo berarentzat irudia aukeratzeko logo lehiaketa izan da. Horrez gain, etzi, asteazkena, Hika bertso saio komentatua izango da Elkarguneko 'Herriko plaza' aretoan, 19:00etan. Eli Pagola eta Andoni Egaña bertsolariak arituko dira bertsotan Azkoitian. Bertso saioan Imanol Artola Felix arituko da gai-jartzaile lanetan.
Bertsoen ondoren, hitanoaren inguruko mahai-ingurua egingo dute, eta Pagolarekin eta Egañarekin batera, Imanol Artolak eta Xabier Eizagirrek parte hartuko dute. Eneritz Artetxe izango da moderatzailea. Ekitaldiaren amaieran hika logotipo lehiaketaren irabazleari saria emango zaio, gainera. Udalak azaldu duenez, 11 lan jaso dituzte guztira, eta epaimahaiak puntuazio altuena Jon Custodioren lanari eman dio.