706 positibo hauteman dituzte Hego Euskal Herrian azken orduetan egindako probetan

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 4a, 12:20

Joan den asteko larunbatean baino 524 positibo gehiago zenbatu zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Nafarroan atzeman dituzte positibo erdiak; izan ere, baheketa handi bat ari dira egiten han.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman dituzte atzo, larunbata, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Joan den asteko larunbatean Hego Euskal Herrian 182 pertsonak eman zuten positibo PCR edo antigeno test batean; atzo berriz, 706 lagunek. Guztira, 5.604 proba egin zituzten lau lurraldeetan joan den astean, eta 7.006 test atzo.

Nafarroan zenbatu dituzte kasuen erdiak baino gehiago. 355 positibo zenbatu zituzten atzo egindako probetan han. 1.675 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta beraz, proba egindakoen %21ek eman zuen positibo. Lurraldean egiten ari diren baheketa handi batek eragin zuzena izan lezake Nafarroako positiboen agerraldian.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, bestalde, 5.331 proba egin zituzten atzo, eta 351 lagunek eman zuten positibo; hiru lurralde horietako positibotasun tasa %6,6koa dela jakinarazi du Osasun Sailak. Lurraldeka, Bizkaian zenbatu dute kasurik gehien (152), eta gero, Gipuzkoan (148), Nafarroan (37) eta Araban (38). Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamahiru lagunek ere positibo eman dute.

Izurritearen eraginez, hamar pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren mendeko erietxeetan, eta gaur-gaurkoz, joan den igandean bezala, 35 pertsona daude Zaintza Intentsiboen Unitateetan. Osasun Sailak bihar, astelehena, emango ditu berriz ere herriz herriko datuak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide