Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu du aste honetako herriz herrikako azken txostena, eta haren arabera, Azkoitian positibo bat atzeman dute atzo egindako probetan. Joan den ostiraletik herrian zenbatu duten positibo bakarra da atzo baieztatutakoa. Hala eta guztiz ere, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasan edo intzidentzia tasan ez du eraginik izan positiboak; izan ere, eremu berdean egonkor mantentzen da Azkoitia 41,73ko tasarekin. Azken bi ostiraletan nabarmen egin du behera herriko intzidentzia tasak. Ekainaren 18an, 250,35ekoa zen tasa, eta, joan den ostiralean, 91,80koa. Azken astean eremu horitik berdera egin du, beraz, Azkoitiak.
Urola Kosta eskualdean, bestalde, bederatzi positibo hauteman ditu Osasun Sailak. Azkoitiko positiboaz gain, Zarautzen lau positibo zenbatu dituzte, hiru Azpeitian eta bat Zumaian. Zumaian dute egoerarik kaskarrena. Eremu gorrian sartuta jarraitzen dute han 498,63ko intzidentzia tasarekin; 41 positibo hauteman dituzte azken astean. Azpeitian, aldiz, 200eko langa gainditu dute berriz ere, 203,68ko intzidentzia tasa baitute. Azken zazpi egunetan hamalau positibo detektatu dituzte han. Zarautzen, berriz, 141,35ko intzidentzia tasa dute, eta han ere eremu horian daude, azken astean 28 positibo atzemanda.
Eskualdeko gainerako herrietan ez dute positiborik zenbatu aste guztian, Orion eta Zestoan izan ezik; Azkoitian bezala, kasu bat zenbatu dute Orion, eta 32,62ko intzidentzia tasa dute. Zestoan, ostera, bi kasu detektatu dituzte azken zazpi egunetan, eta 51,36ko tasa dute. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian zeroan dute intzidentzia tasa.
Positiboak goraka Hegoaldean
Eskualdeko datuak apalak badira ere, Hego Euskal Herriko positibo kopuruak nabarmen egin du gora; izan ere, atzo 519 kasu zenbatu dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak. Egunez egun ari da gora egiten zenbatekoa: 366 positibo detektatu zituzten asteartean, eta 458 asteazkenean. Igoera horri lotuta, aipatzekoak dira Gipuzkoako zenbait herritan (Hernanin kasu) eta Nafarroan izan den positibo kopuruak.
Atzo 6.628 PCR eta antigeno proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietan 406k eman zuten positibo: 45ek Araban, 178k Bizkaian, 170ek Gipuzkoan, eta bizilekua hiru lurralde horietatik kanpo duten beste hamahiru lagunek ere bai. Beraz, %6,1 da positibotasun tasa. Gaur egun hiru lurralde horietako 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 132,65 da. Nafarroan, berriz, 1.550 proba gauzatu eta 113 positibo atzeman zituzten atzokoan; proba egin zuten herritarren %7,3k eman zuten positibo.
Positiboen kopuruak gora nabarmen egin badu ere, ospitaleetako egoera ez da aldatu. Izan ere, positibo eman duten herritarren ehuneko handi bat 18 eta 40 urte bitartekoa da. Osakidetzak emandako datuen arabera, 63 lagun daude egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19a tarteko, eta horietatik 33 daude ZIUn –herenegun baino bat gehiago–. Atzo 26 lagun ospitaleratu zituzten.