Kanarietatik Azkoitira Inaziotar bidaia solidarioa egitera etorri diren bi lagun hartu ditu gaur, osteguna, Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko Udaleko Turismo zinegotziak, Intsausti jauregian. Kanarietako Radio ECCAko bi langilek, beste bi jesuitek lagunduta, bizikletaz egingo dute Loiolatik Manresarako (Herrialde Katalanak) bidea, beren ikasleei bekak eman ahal izateko dirua biltzeko. Hain zuzen ere, 681 kilometro zazpi egunetan egiten ahaleginduko da bikotea. Bihar hasi eta uztailaren 8an bidea amaitzea aurreikusten dute.
Ibilaldi solidarioa izango da; izan ere, Jesusen Lagundiak COVID-19ak gogorren kolpatu dituen pertsonak eta kolektiboak laguntzeko martxan jarri duen Seguimos kanpainarako erabiliko dute bildutako diru guztia. Funtsen zati bat ikasketak ordaindu ezin dituzten Radio ECCAko ikasleei bekak emateko ere erabiliko dute, haien laneratzea eta gizarteratzea errazteko.