Urolako Komunikazio Taldeak, eta tartean Maxixatzenek, GUKA udako argazki lehiaketa antolatu du aurten ere. Lehiaketan parte hartzen duten herritarrek sari bikainak lortu ahal izango dituzte; izan ere, epaimahaiaren saria, ikusleen saria eta bozketan parte hartzen duten herritarren artean zozkatuko den saria izango dira eskuragarri.
Uda sasoian Urola Kostan ateratako argazkiak aurkeztu beharko dira lehiaketara, eta bozketa fasea irailaren erditik aurrera jarriko da martxan. Horrenbestez, herritarrek irailaren 10era arte aurkeztu ahal izango dituzte irudiak, lehiaketa@ukt.eus helbidera e-posta mezua bidalita edo Whatsapp bidez 688 84 63 51 telefono zenbakira idatzita. Gainera, webgunera ere igo ahal izango dira argazkiak, zuzenean –Zarauzko Hitzaren webgunean jarri du UKTk irudiak igotzeko aukera–. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara.
E-posta nahiz Whatsapp mezuetan argazkia non egina den azaldu eta hainbat datu pertsonal eman beharko dituzte herritarrek, hala nola izen-abizenak, helbidea, herria, adina, NA, e-posta helbidea eta telefono zenbakia. Argazkiak webgunera zuzenean igotzen dituztenek, berriz, formularioa bete beharko dute. Irudiak koloretakoak nahiz zuri-beltzekoak izan daitezke, baina horiek inon argitaratu gabekoak izan beharko dute.
Argazki guztiak Urolako Komunikazio Taldearen artxiboan gordeko dira, eta hedabide taldeak bere egiten du jasotako lanak publikatzeko eskubidea. Bidalitako lanen jabe den lehiaketako parte-hartzaileak lanak erabiltzen eta jendaurrean erreproduzitzen uzten dio Urolako Komunikazio Taldeari, egilearen izena adierazita.
Sari ederrak
Epaimahaiak irailaren 10aren ostean hartuko du erabakia; hau da, epaimahaiak erabakiko du zein den aurtengo GUKA lehiaketako argazkirik onena. Ondoren zabalduko da herritarrek argazki onenaren aldeko boza emateko epea. Irabazleen izenak urriaren 1ean jakinaraziko ditu UKTk.
Sari bikainak eskuratu ahal izango dira aurtengoan ere. Epaimahaiaren saria jasotzen duen argazkiaren egileak, esaterako, Xoxoteko aterpetxean lau lagunentzat egonaldia (gau bat) eskuratuko du, mantenu-erdian (afaria eta gosaria). Aldiz, erabiltzaileen boto gehien jasotzen dituen irudiaren egileak, berriz, Talai Berri txakolindegian bi lagunentzako upategira bisita, hamaiketakoa eta pare bat botila irabaziko ditu. Botoa ematen duten herritar guztien artean, berriz, bi lagunentzako Oria ibaian paddle surf ibilbidea egiteko txartela zozkatuko du UKTk.
Lehiaketaren nondik norako guztiak honako lotura honetan irakur daitezke.