Sara Aranguren gimnastak Espainiako Kopa irabazi du Ipurua taldearekin

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 1a, 10:52

Ipuruako gimnastak entrenatzaileekin eta ikurrinarekin, atzo Valladoliden. Ezkerretik hasita argazkiko hirugarrena da Aranguren. (Utzitakoa)

Atzo jokatu zuten txapelketa Valladoliden (Espainia). Hamar mazorekin egindako ariketarekin lortu dute urrea azkoitiarrak eta taldekideek. Duela bi urte zilarrezko domina irabazi zuten.

Sara Aranguren azkoitiarrak gimnastika erritmikoko Espainiako Taldekako Kopa irabazi du Eibarko (Gipuzkoa) Ipurua taldearekin. Atzo jokatu zuten finala Valladolideko (Espainia) Pisuerga kiroldegian, eta hamar mazorekin egindako ariketarekin lortu zuten urrea Arangurenek eta Ipuruan taldekide dituen Nahia Arguizek, June Herederok, Indira del Pinok eta Arrate Barojak; Tania Nagornaia, Miriam Merino eta Nathasa Urmakaeva entrenatzaileek gidatzen dute Eibarko taldea. Vallecas (Madril) taldearentzat izan zen zilarra, eta Galiziako Acordes taldearentzat, berriz, brontzea.

2019an zilarrezko domina irabazi zuen Arangurenek Ipuruarekin txapelketa berean. Aurten koska bat igo eta sari nagusia eskuratu dute, pandemiaren ondorioz ateak itxita jokatu behar izan duten txapelketan. Espainia mailan urtean zehar hiru kopa jokatzen dituzte, elkarrengandik independenteak diren txapelketak dira, eta atzokoa izan zen 2021eko lehendabizikoa. Autonomia erkidego bakoitzetik bina talde sailkatzen dira final horietara. Hain zuzen ere, hil honen 18an jokatuko da aurtengo bigarren Espainiako Kopa Valentziaan (Herrialde Katalanak), eta hor lehiatzeko ere badute txartela Arangurenek eta taldekideek. Hirugarren eta azken kopa azaro aldean jokatuko da, eta txapelketa horretarako sailkapen fasea uda ondoren hasiko da.

Ipuruako taldekideak, sari banaketaren ondoren ateratako argazkian. Multzoaren gorenean, Aranguren. (Utzitakoa)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide