Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du PCR eta antigeno testetan hautemandako kasu positiboak jakinarazten dituen txostena. Dokumentuaren arabera, atzo ere ez zuten kasu positiborik zenbatu Azkoitian. Azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa ere atzoko datuetan mantendu da. 41,73koa da herriko kasu metatuen tasa, eta eremu berdeko herria izaten jarraitzen du Azkoitiak.
Urola Kosta eskualdean, bestalde, hamar kasu positibo zenbatu zituzten. Herenegun, astelehena, atzemandako positibo kopuru bera da, orduan ere hamar izan baitziren eskualdean baieztatutako positiboak. Eskualdeko hamar positiboen erdiak Zarautzen zenbatu dituzte. Azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen du han, eta egun 98,51koa da; eremu horian jarraitzen du, beraz, Zarautzek.
Zumaian ere positiboak zenbatzen jarraitzen dute. Hiru kasu baieztatu dituzte atzo egindako probetan, eta intzidentzia tasak gora egin du atzotik; 478,27koa da tasa han. Hernanirekin batera, eremu gorrian dagoen Gipuzkoako herri bakarra da. Azpeitian, berriz, beste bi kasu detektatu dituzte. Intzidentzia tasak, ordea, behera egin du han, eta 200eko langatik behera kokatu da (197,11). Eremu horiko herria izaten jarraitzen du Azpeitiak.
Eskualdeko gainerako herrietan, ostera, ez dute positiborik atzeman. Orio (48,92) eta Zestoa (25,68) eremu berdean daude gaur-gaurkoz, eta Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian zeroan dute intzidentzia tasa.
Positiboak gora Hego Euskal Herrian
Hego Euskal Herrian kasu positiboek gora egin dute. 216 positibo zenbatu zituzten asteleheneko probetan, eta 366 atzo, asteartea. Lurraldeka aztertuta, 142 positibo zenbatu zituzten Bizkaian, 132 Gipuzkoan, 63 Nafarroan eta 26 Araban. Halere, lurralde horietan bizi ez diren beste hiru lagunek ere positibo eman zuten. 7.262 PCR eta antigeno proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta positibotasun tasa %4,2an kokatu da gaur. Nafarroan, aldiz, 1.475 test egin zituzten atzo, eta positibotasun tasa %4,3koa da.
Atzo, hamazazpi lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta egun 63 lagun daude Osakidetako erietxeetan. Zainketa berezia behar duten pertsonak, berriz, 33 lagun dira. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, aldiz, 1,17koa da, aspaldiko altuena. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, bestalde, 112,70ekoa da gaur-gaurkoz.