Kultur programazio berezia osatu du udalak uztailerako

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 30a, 11:01

Trapu Zaharraren 'Turistreatzen' ikuskizunaren emanaldi bat. (Trapu Zaharra)

Kale antzerkia, zinea, musika, dantza ikuskizunak... Guztira bederatzi ekitaldi prestatu dituzte bihar hasiko den hileko asteburuetarako. Denak aire zabalean egitea aurreikusi dute, baina eguraldiaren gorabeherek aldaketak eragin ditzakete. Zapatu honetan izango da lehendabizikoa: Turistreatzen kale antzekia eskainiko du Trapu Zaharra konpainiak.

Ohi baino kultur eskaintza zabalagoarekin dator Azkoitiko Udalak prestatu duen uztaileko agenda. Kale antzerkia, zinea, musika, dantza ikuskizunak... Guztira bederatzi ekitaldi prestatu dituzte bihar hasiko den hileko asteburuetarako. Zapatu honetan izango da lehendabizikoa: Turistreatzen kale antzekia eskainiko du Trapu Zaharra konpainiak, 20:00etan, Balda plazan.

Emanaldi denak aire zabalean egitea aurreikusi du udalak. "Pixkanaka atzean uzten ari gara konfinamendu masiboak eta murrizketak, baina ezin gara arriskatu. Egoera honetan egitarau anitza eta erakargarria eskaintzen saiatu gara, uztailean, ikuskizun guztiak kalean zentratuz”, azaldu du Sonia Vazquez Kultura zinegotziak. Balda plazan egingo dituzte ekintza gehienak, herriko plazan ere bai bakarren batzuk; eta "nobedade" gisara, Oteiza frontoietan "haurrei eta familiei" zuzendutako aire zabaleko lau zine emanaldi programatu dituzte. "Uste dut jendeari gustatuko zaiola horrelako eszenatoki paregabean zinemaz gozatzeko aukera izatea", adierazi du Vazquezek. Santio egunean, Gazteen Dantza Suelto Txapelketarekin bukatu da udalaren uztaileko kultur ekaintza.

Hala ere, eguraldiaren gorabeherek aldaketak eragin ditzakete emanaldien agertokietan, eta horiek ere aurreikusi ditu udalak. Horrela, euria egiten badu, Sahatsa dantza taldeak uztailaren 18an herriko plazan iragarria duen emanaldia Baztartxo antzokira aldatuko da; beste emanaldi guztiak, berriz, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan egingo dituzte, euria bada.

Uztaileko egitaraua, osorik

Hau da udalak uztailerako osatu duen kultur eskaintzaren egutegi osoa. Emanaldi guztiak doan izango dira:

  • Uztailaren 3a, zapatua: Turistreatzen kale antzerkia (Trapu Zaharra konpainia). Balda plazan, 20:00etan.
  • Uztailaren 9a, ostirala: Monik eta Eider trikitilarien emanaldia, Balda plazan, 20:00etan.
  • Uztailaren 10a, zapatua: Pomper, xaboizko burbuila erraldoietan oinarritutako gau ikuskizuna. 19:30ean haurrentzako ponpa tailerra emango dute, eta 22:00etan hasiko da ikuskizuna, Balda plazan.
  • Uztailaren 17a, zapatua: Zikoinak (haurrentzat, 19:30ean) eta Padre no hay mas que uno (familientzat, 22:00etan) filmak, Oteiza frontoietan.
  • Uztailaren 18a, igandea: Sahatsa dantza taldearen emanaldia, herriko plazan, 20:00etan.
  • Uztailaren 23a, ostirala: Biren taldearen musika emanaldia, Balda plazan, 20:00etan.
  • Uztailaren 24a, zapatua: Terra Willy: planeta ezezaguna (haurrentzat, 19:30ean) eta Las aventuras del Doctor Dolittle (familientzat, 22:00etan) filmak, Oteiza frontoietan.
  • Uztailaren 25a, igandea: 11:00etan hasita, Udal Musika Bandaren kalejira, plazaz plaza. 19:30ean, Balda plazan, Gazteen Dantza Suelto Txapelketa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide