Zortzi egun dira herrian positiborik atzematen ez dutela

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 29a, 13:40

Intzidentzia tasak ez du gorabeherarik izan atzotik, eta 41,73koa da. Urola Kostan, berriz, hamar positibo zenbatu dituzte azken orduetan; horietatik zazpi, Zarautzen. Eremu berdetik horira igaro da Zarautz, eta gorrian dago Zumaia, Mallorcako agerraldiarekin lotuta asteburuan baieztatu zituzten hogeitaka kasuengatik. Atzo, baina, bi positibo besterik ez zituzten izan. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian kaleratutako txostenaren arabera, atzo ere ez zuten positiborik atzeman herrian, eta dagoeneko badira zortzi egun Azkoitian kasurik agertu ez dela. Hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ez du gorabeherarik izan atzotik, eta 41,73koa da.

Urola Kostan, berriz, hamar kasu positibo zenbatu dituzte atzo. Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien; hain zuzen, zazpi. Bi positibo izan dira Zumaian eta bat Azpeitian.

Zumaia da, alde handiarekin, intzidentzia tasarik altuena duen eskualdeko herria. Eta ez eskualdekoa soilik: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaur-gaurkoz dagoen tasarik altuena da Zumaiakoa, eta lurralde horietan gorrian dagoen udalerri bakarra da. Mallorcan izandako agerraldi bat dela eta, aurreko ostiralean 21 positibo detektatu zituzten herrian, eta bi egun beranduago, zortzi. Azken orduetan bi kasu baino atzeman ez dituzten arren, atzotik 457,92tik 468,10era igo da kasu metatuen tasa.

Nabarmentzekoa da, bestalde, azken orduetako datuekin eremu berdetik horira igaro dela Zarautz. Sei kasu berri atzeman dituzte han asteburuan, eta atzoko probetan beste zazpi kasu baieztatu ostean, 51,40tik 81,38ra igo da tasa. Ez da, ordea, eremu horian dagoen eskualdeko herri bakarra: egoera horretan daude Azpeitia (210,25) eta Orio (97,85) ere. Azpeitian intzidentzia tasak behera egin du atzotik (223,39an zegoen atzo), baina Orion, kontrara, gora egin du (51,40an zegoen).

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez da kasu positiborik izan azken orduetan.

216 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 216 lagunek eman dute positibo azken orduetan, bezperan baino gehiagok; 171 kasu izan ziren igandean. Positibotasun tasak, hala ere, behera egin du; %4tik %3,1era Nafarroan eta %2,9tik %2,6ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Bestalde, atzo gora egin zuen COVID-19ak jota Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan zeuden pertsonen kopuruak. Izan ere, 48 ziren igandean eta 64 ziren atzo, Osasun Sailaren arabera. Atzo, gainera, 32 lagun zeuden ZIUetan ospitaleratuta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide