Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri du koronabirusaren bilakaerari buruzko eguerdiroko txostena. Horren arabera, laugarren egunez jarraian, ez dute positiborik atzeman herrian, eta lau kasu izan dira aste guztian zenbatu dituztenak. Horrek nabarmen eragin du intzidentzia tasan, eta aspaldiko partez, ehundik beherakoa da hori; zehazki, 91,80koa. Joan den ostiralean 250,35koa zen.
Urola Kostan, berriz, hiru positibo baieztatu zituzten atzo: bi Azpeitian eta bat Orion. Aste guztian 33 positibo zenbatu dituzte eskualdean: Azpeitian hamabost, Zumaian zortzi, Zarautzen bost, Azkoitian lau eta Orion bat. Gainontzeko herrietan ez dute kasu bakar bat ere hauteman azken hamabost egunotan.
Horrenbestez, lasaia da eskualdeko egoera. Eremu horian daude Azkoitia (91,80), Azpeitia (210,25), Orio (97,85) eta Zumaia (203,52); eremu berdean dago Zarautz (25,70); eta hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa hutsean dago eskualdeko beste herri guztietan.
Egoerarik kezkagarriena Azpeitikoa da, joan den ostiraletik intzidentzia tasak behera egin duen arren, azken egunotan goranzko bidea hartu duelako: joan den ostiralean 229,96koa zen, asteartean 164,24koa eta gaur 210,25ekoa da.
Hego Euskal Herrian, 257 positibo
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo 6.735 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 257 eman zuten positibo; %3,8k, hain zuzen. Lurraldeka, Gipuzkoan atzeman zituzten positibo gehien: 89. Bizkaian 87 kasu baieztatu zituzten, Nafarroan 40 eta Araban 32.
Erietxeen egoerari dagokionean, berriz, atzo 24 lagun ospitaleratu dituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Denera, COVID-19ak jotako 99 lagun daude Osakidetzaren mendeko zentroetan eta horietatik 34 daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU).