Naiena arropa dendak irabazi du Ongi Etorri Uda erakusleiho lehiaketa

Anartz Izagirre 2021ko eka. 24a, 18:07

Gaur, osteguna, banatu dituzte sariak irabazleen saltokietan. Bigarren eta hirugarren postuak Aizterri Home & Decorrentzat eta Maina mertzeriarentzat izan dira, hurrenez hurren. Aurten, guztira, zortzi saltokik parte hartu dute lehiaketan.

Ongi Etorri Uda erakusleiho lehiaketaren sari nagusia Naiena arropa dendarentzat izan da, eta bigarren eta hirugarren postuak, Aizterri Home & Decorrentzat eta Maina mertzeriarentzat izan dira, hurrenez hurren. Gaur, osteguna, banatu dituzte hiru sariak irabazleen saltokietan, eta Ana Azkoitia udaleko Merkataritza zinegotzia nahiz Herrixen merkatarien elkarteko Jon Larrañaga presidentea eta Sara Rodriguez teknikaria arduratu dira horretaz.

Epaimahaiako kideek parte-hartzaileen originaltasuna, modernitatea, sormena zein produktuen aurkezpena baloratu dituzte, eta irabazleen sariak erosketa bonuak izan dira: 350 eurokoa irabazlearentzat, 250 eurokoa bigarrenarentzat eta 150 eurokoa hirugarrenarentzat.

Aurten, guztira, zortzi establezimenduk parte hartu dute lehiaketan: ETK Informatika, Aizterri Home & Decor, Arrospide Oinetakoak, Beatriz Pozo Dekorazioa, Iroa haurren arropa denda, Maina mertzeria, Naiena arropa denda eta Prest tindategia.

Erakusleiho lehiaketa Azkoitiko Udaleko Merkataritza Sailak eta Herrixenek antolatzen dute, "bertako kontsumoa dinamizatzeko". Aurten, bereziki, COVID-19ak eragindako pandemia dela-eta, "herrian bertan erosketa ohiturak sustatzen laguntzeko" antolatu dute lehiaketa.

(Argazkiak: Azkoitiko Udala)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide