Azkoitia eta Urretxu arteko errepidea obrengatik itxi egingo dute hainbat gautan

Nerea Uranga 2021ko eka. 24a, 11:04

GI-631 errepidean, Aizpurutxon lanean jardun zuteneko unea.

Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea hobetzeko lanak egiten ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Obra horiek tarteko, hainbat egunetan, gauez, 23:30etik 05:30era artean errepidea itxita egongo da.

Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea hobetzeko lanak hasita ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Obra horiek tarteko, itxi egingo dute errepide hori zenbait egunetan, gauez, 23:30etik 05:30era bitartean.

Gaur egun, errepideko tarte jakin batean, zirkulaziorako erreietako bat ezin da erabili obrengatik, eta ibilgailuak txandaka ibil daitezke bi noranzkoetan; semaforoen bidez dute trafikoa antolatuta. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, ibilgailuak handik pasatzeko babes elementuak jarri behar dituztelako itxi beharko dute errepidea bi noranzkoetan. Honako egun hauetan itxiko dute errepidea 23:30etik 05:30era artean:

  • Ekainak 29 eta 30 (asteartea eta asteazkena).
  • Uztailak 5, 13, 14, 19, 26 eta 27.
  • Abuztuak 2, 9, 10, 17, 18, 24 eta 30.
  • Irailak 2.

Egun horietan, ordezko ibilbide hauek egitea gomendatu dute: GI-3750 errepidea, Elosutik barrena; GI-2634 errepidea, Azkaratetik; eta GI-2635 errepidea, Mandubitik barrena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide