Dena prest dute XXXIX. Azkoitia Hiria Xake Txapelketarako. Igandean, hilak 27, jokatuko dute Kontzejupean, 10:00etan hasita, eta formatua iazkoaren antzekoa izango dela aurreratu dute txapelketa antolatzeaz arduratzen ari diren Anaitasuna-Kakute xake taldeko kideek. Aurten ere Joxe Azkue klubeko lehendakari ordea zenaren omenez egingo dute txapelketa, haren heriotzaren hamargarren urteurrenean.
COVID-19aren aurreko garaietan hemezortzi taldek parte hartu ohi zuten Azkoitiko hitzorduan. Iaz, aldiz, jende pilaketak saihesteko helburuarekin, 11 talde gonbidatu zituzten; eta aurten, hamahiruk parte hartuko dute. Honakoak dira igandean Azkoitian lehiatuko diren taldeak: Arabako Martintxo taldea; Bizkaiko Barakaldo, Santurtzi eta Zornotza; Kantabriako (Espainia) Liendo; eta Gipuzkoako Villabona, Gros, Hondarribia-Marlaxka, Mendaro, Santikutz, Xaputarrak eta Azkoitia A eta B. Parte hartzaileen artean Santikutz taldeko Markel Vesga eta Liendo taldeko Jiang Mei izango direla nabarmendu dute antolatzaileek. Vesga jubenilen eta kadeteen mailako aurtengo Euskadiko txapelduna da, eta Mei, kadeteen mailako Kantabriako txapelduna.
Epaile lanak egiten Mikel Almansa FIDE Nazioarteko Epailea arituko da, Asier Plazaola eta Judith Goenaga izango dira COVID-19aren kontrako neurri guztiak behar bezala betetzearen arduradunak.