Taberna Laket! izeneko jarduera egingo dute hainbat hezitzailek herrian zapatu honetan eta uztailaren 24an, 20:00etatik 22:00etara. "Herritarrak eta, batez ere, gazteak" drogen kontsumoaren arriskuez kontzientziatzeko informazio kanpaina da, udalak Azkoitia Bizia, Azkoitia Osasuntsua prebentzio planaren barruan egingo duena.
"Hezitzaile talde bat ibiliko da taberna eta jatetxeetan terrazaz terraza eskuorriak banatzen eta informazioa partekatzen modu zuzenean, aisiaz gozatzea substantzien kontsumoarekin lotzeak dakartzan kalteen inguruan kontzientziatzeko", azaldu du udalak jardueraren edukia. Drogen eta substantzien kontsumoaz ari dela, alkohola ere horien artean sartzen dela azpimarratu nahi izan du udalak, "nahiz eta gure gizartean alkoholaren kontsumoa normalizatuta egon".
Taberna Laket! kanpainaren informazioa banatuko duten hezitzaileek beste bi helburu bete nahi dituztela ere aurreratu du udalak: "COVID-19ak eragindako eszenatokian kontuan hartu beharreko prebentzio neurriak" azalduko dizkiete herritarrei, batetik; eta "genero indarkeriaren kontrako sentsibilizazio eta kontzientziazio lana egiteko aprobetxatuko" dute, bestetik, informazio kanpaina.