Eusko Jaurlaritzak plazaratu du egoera epidemiologikoaren gaineko txosten eguneratua, eta horren arabera, kasu positibo bakarra detektatu dute Azkoitian azken orduetan. Intzidentzia tasak ere behera egin du nabarmen herrian, eta 250,35ean kokatu da gaur. Eremu horiko herria da, beraz, gaur Azkoitia.
Azken zazpi egunetan –ekainaren 11tik ekainaren 17era bitartean– zazpi kasu positibo baieztatu dituzte Azkoitian: bat atzo, kasu positiborik ez zen izan astelehenetik asteazkenera bitartean, bat igandean, bi larunbatean eta hiru joan den asteko ostiralean. Positiboek behera egin dute azken egunetan, eta azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere bai. 458,98koa zen joan den ostiralean zenbatekoa Azkoitian, eta gaur 200 puntu baxuagoa, 250,35ekoa, hain zuzen.
Zazpi kasu eskualdean
Urola Kostan, guztira, zazpi positibo izan dira azken orduetan. Azkoitiko positiboaz gain, Zumaian hiru positibo hauteman ditu Osasun Sailak. Intzidentzia tasak, gainera, zertxobait egin du gora han: 234,05tik 244,23ra igo da. Azpeitian, berriz, bi positibo baieztatu dituzte, baina tasa jaitsi egin da 229,96ra. Beste positiboa Orion zenbatu dute, eta han 130,46ko tasa dute. Eremu laranjatik horira pasatu da Orio.
Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian, Zarautzen –42,83 tasarekin eremu berdean– eta Zestoan ez dute kasu positiborik atzeman.
207 positibo Hegoaldean
Hego Euskal Herrian 7.668 froga egin zituzten atzo, eta horietatik 207 positiboak izan dira. Araban 20 atzeman dituzte, Bizkaian 107 eta Gipuzkoan 35. Beste lurraldeetan bizi diren hiru pertsonak ere positibo eman dute. Osakidetzaren mendeko erietxeen egoerari dagokionez, atzo 19 pertsona ospitaleratu zituzten koronabirusak jota. Gaur gaurkoz 71 lagun daude erietxeetan COVID-19aren ondorioz, horietatik 51 Zaintza Intentsiboetako Unitateetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 125,47koa da, eta Labi batzordea gaur arratsaldean bilduko da neurri murriztaileak arintzeko.