Azkarateko hondakin gunea

EH Bilduk "irregulartasunak" aurkitu ditu Jaurlaritzak udalaren arau subsidiarioen aldaketen aurka emandako ebazpenean

Andoni Elduaien 2021ko eka. 18a, 13:58

Koalizioak dio "indarrean ez dagoen txosten bat lotesle" egin duela Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak Azkoitiko Udalak arau subsidiarioetan egindako aldaketak ez onartzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ezezkoa eman zion Azkoitiko Udalak lurzoru ez urbanizagarriei eta ordenantza orokorrei egindako Azkoitiko Arau Subsidiarioen 4. aldaketa puntualari. Joan den apirilaren 26an jaso zuen udalak Jaurlaritzaren ebazpena. Azkoitiko EH Bilduk, txostena "aztertu eta hausnartu" ondoren, jakinarazi du "irregulartasunak" atzeman dituela Jaurlaritzaren ebazpenean.

EH Bilduk kritikatu egin du zuzendaritzak udalari emandako erantzuna, "oraindik indarrean ez dagoen dokumentu batean" oinarritu delako. "Maiatzaren 4n eman zitzaion hasierako onespena 2020-2030erako EAEko hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko planari [maiatzaren 12an EHAAn argitaratua]. Hurrengo pausoa da dagokion tramitazioa jendaurrean 45 egunez egotea, uztailaren 14ra arte. Ondoren, alegazioak aztertu eta erantzuna eman ondoren, behin betiko onarpena jaso, eta aldizkari ofizialean argitaratu beharko da. Behin bertan argitaratuta dagoenean sartuko da indarrean", azaldu du koalizioak ohar bidez.

Hori ikusita, Azkoitiko EH Bildurentzat "ulertezina" eta "erabat kritikagarria" da Jaurlaritzaren zuzendaritzak "indarrean ez dagoen testu bat oinarritzat hartzea, loteslea izango den txosten bat emateko". Horri lotuta, nabarmendu du txosten hori ezin dela "oinarritzat hartu". Txostena apirilaren 26an helarazitakoa izanik, EH Bilduri "harrigarria" egin zaio Azkoitiko Udalak arau subsidiarioetan egindako aldaketari ezezkoa emateko txostena Hondakin Planaren hasierako onarpena eman aurretik egin izana. Gainera, adierazi du Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak "irakurketa guztiz interesatua eta partziala" egin duela bere ebazpena idazterako orduan.  

Egungo instalazioen inguruan

Jaurlaritzak hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko egindako planean egungo instalazioen egoerari buruz dioena ere azpimarratu nahi izan du Azkoitiko EH Bilduk. Koalizioak nabarmendu du dokumentuak adierazten duela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaur egun hondakinen bilketarako, balorizaziorako eta deuseztapenerako "nahikoa instalazio" dagoela, eta EEH azpiegitura berrien beharra aztertzen duen puntuan ere hori zehazten duela. Koalizioaren arabera, "instalazioak baino material hori eskatzen duten merkatuak indartu beharra" nabarmentzen du azterketa horren dokumentuak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EEH tratamendurako 71 instalazio daude, eta txostenak "ez du aurreikusten" 2030. urtera begira "EHH azpiegituren beharrik".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide