Real Union futbol taldeak atzo, astelehena, jakinarazi zuenez, Mikel Azkoiti jokalariari ez diote kontraturik luzatuko. Modu horretan, azkoitiarrak beste taldeekin negoziatzeko aukera izango duela azaldu du futbol taldeak. Horrez gain, honako beste lau jokalariek ere ez dute taldean jarraituko: Jorge Galan, Jon Madrazo, Aritz Borda eta Guille Donoso.
Bestalde, Irungo taldeak azaldu du Azkoitiren eta Galanen omenezko ekitaldi bat antolatzeko lanetan dabilela, kluba ondo agurtu dezaten; izan ere, biek ala biek zortzi denboraldi egin dituzte Real Unionen.
Azkoitik aurtengo denboraldian hamalau partidu jokatu ditu guztira; horietako zortzi, Espainiako Bigarren B Mailako bigarren taldeko lehen fasean izan dira, eta sei, RFEF Lehen Mailara igotzeko bigarren fasean —Real Unionek maila berri horretan jokatuko du datorren denboraldian—.