Azkoitiak Gipuzkoako Gomazko Paletako Herriarteko Txapelketako finalerako txartela lortzeko urrats bat egin du aurrera. Gaur arratsaldean, 17:00etan hasita, finalerdietako joaneko jardunaldia jokatu du Azkoitiak Tolosaren kontra etxean, Gurea pilotalekuan. Hiru eta huts eginda, finala jokatzeko abantaila hartu dute Azkoitiko palistek gaur.
Banakako neurketan, Iker Epelde palista azkoitiarrak erraz irabazi du Tolosako ordezkariaren kontra, 20 eta 6 eginda. Paletako binakako norgehiagokan ere aldea atera diete Tolosako palistei Igor Juaristik eta Aratz Zabaletak, 22 eta 8 irabazita. Azkoitiko palistek hirugarren partidarekin, zazpi koadroetakoarekin, azaldu dute zalantza handiena partida hasteko orduan. Azkoitiko palisten esanetan, "Tolosako palisten artetik gogorrena da". Dena den, Jokin Aizpuru palista azkoitiarrak ez du huts egin; 20 eta 15 eginda mendean hartu du Tolosako ordezkaria.
Aldeko emaitzarekin jokatuko du Azkoitiak finalerdietako itzuliko jardunaldia datorren asteburuan Tolosan. Gogoratu behar da, orain dela bi urte Azkoitiak Gipuzkoako Gomazko Paletako Herriartekoko txapela Tolosari kendu ziola, bi eta bat menderatu zuen Donostian jokatutako finalean.
Azkoitiak finalerako sailkatzea lortzen badu, Zarautz edo Donostia izango du aurkaria.