Bigarren hilabetea bete du Azkoitiak eremu gorrian

Andoni Elduaien 2021ko eka. 7a, 12:40

Intzidentzia tasak ia 70 puntu egin du gora joan den ostiralaz geroztik, eta 500eko langa gainditu du berriz ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tasaren batez bestekoa 193,96koa da, eta Gipuzkoakoa 203,14koa. Dagoeneko 1.400 herritarrek baino gehiagok eman du positibo PCR edo antigeno probetan iazko martxoaz geroztik Azkoitian.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du joan den ostiralaz geroztik egindako PCR eta antigeno probetan hautemandako kasu positiboen berri ematen duen txostena. Osasun Sailak Azkoitian beste hamabost kasu positibo detektatu ditu azken hiru egunetan –bost ostiralean, sei larunbatean eta lau igandean–.

Positiboak, ordea, ez dira herrian gora egin duten adierazle bakarrak; izan ere, azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko kasu metatuen tasak edo intzidentzia tasak ere nabarmen egin du gora Azkoitian, berriz ere 500eko langa gaindituz. Joan den ostiralean 458,98koa zen zenbatekoa, eta gaur, 525,74ra igo da. Azken hamalau egunetan 63 positibo zenbatu dituzte Azkoitian, eta ondorioz, eremu gorriko herria izaten jarraitzen du Azkoitiak. Dagoeneko 61 egun daramatza herriak gorri koloreko eremutik irten ezinda, bi hilabete oso.

Eskualdean ere gora egin dute kasu positiboek. Joan den astelehenean 22 kasuren berri eman zuen Osasun Sailak, eta gaur, 40 positibo jakinarazi ditu; kasuak ia bikoiztu egin dira, beraz, Urola Kostan. Azkoitian atzeman dituzte kasu gehien, eta bere atzetik Azpeitia eta Zumaia izan dira positibo gehien baieztatu dituzten herriak. Azpeitian 11 positibo detektatu dituzte –zazpi ostiralean, hiru larunbatean eta bat igandean–; intzidentzia tasak zertxobait behera egin du halere han, 348,23tik 335,09ra hain zuzen. Zumaian, berriz, bederatzi positibo hauteman dituzte –zazpi ostiralean eta bi larunbatean–. Zumaiako intzidentzia tasak nabarmen egin du gora, 81,41etik 254,40ra zehazki.

Getarian, Orion eta Zarautzen ere zenbatu dituzte positiboak. Zarautzen, esaterako, hiru positiboren berri eman du Osasun Sailak –bi ostiralean eta bat igandean–. Hango intzidentzia tasa ere puntu batzuk igo da, 167,05etik 175,61era hain zuzen. Getarian eta Orion kasu positibo bana atzeman du Osasun Sailak. Getariako intzidentzia tasa 106,01etik 70,67ra jaitsi da, eta Oriokoak 81,54tik 277,23ra egin du gora. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute positiborik zenbatu.

220 positibo Hego Euskal Herrian

Atzo, 6.022 test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta 220 positibo detektatu zituzten. Bizkaian 93 positibo zenbatu zituzten, 54 Gipuzkoan, 39 Nafarroan eta 31 Araban. Hala eta guztiz ere, lurralde horietatik kanpo bizi diren hiru lagunek ere positibo eman zuten PCR eta antigeno testetan. Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %3,6koa izan zen, beraz, atzo.

Ospitaleratzeen inguruko informazioa ere eman du Osasun Sailak txostenean. Gaur-gaurko 140 pertsona daude Osakidetzako erietxeetan ospitaleratuta, horietatik 84 ZIUn. Bestalde, gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasak ere behera egiten jarraitzen du poliki-poliki. Astebetean 1,05etik 0,88ra jaitsi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako R0 indizearen batez bestekoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide