Ibon Beitia pilotu azkoitiarrak bigarren postua lortu zuen atzo, zapatua, Ibardingo V. Igoeran. Duela bi urte eskuratu zuen postua hobetzea lortu zuen, gainera, Beitiak. Izan ere, 2019. urtean hirugarren amaitu zuen igoera. Speed Car GT 1000 autoarekin lehiatu zen azkoitiarra, eta eguneko bigarren denborarik onena ezarri zuen.
Guztira lau igoera egin zizkion pilotu bakoitzak Ibardin mendateari, eta Beitia banan-banan joan zen bere denborak hobetzen, harik eta laugarren eta azken igoeran ordularia bi minutu, 50 segundo eta 745 ehunenekotan gelditu zuen; hura izan zen Beitiaren denborarik onena, eta probako bigarren markarik onena.
Joseba Iraola pilotuak irabazi zuen Ibardingo V. Igoera, eta hark Beitiak baino hamar segundo gutxiago behar izan zituen ibilbidea denborarik onenean egiteko. Arkaitz Ordoki izan zen hirugarren sailkatua, eta Beitiak Ordokiri bi segundo eskaseko aldea atera zion.