Topaketa bat Azkoitian
Urtero antolatzen dute Axiri ibilgailu klasiko eta historikoen elkartekoek topaketa bat maiatzean. Argazkian 2017. urtean egindako topaketako une bat ageri da. Topaketak Plaza Berrin jende ugari elkartu ohi du.
Azken topaketa
Azkoitiko auto klasiko eta historikoen zaleek antolatutako pandemia aurreko azken topaketa 2019ko maiatzaren 12an egin zuten, Loiolan. Orduko hartan, dozenaka ibilgailu bildu zituzten Kiruri aurreko aparkalekuan eta Imanol Uria loiolatarra omendu zuten.
Eraberritzea
Ibilgailu klasikoak eta historikoak eraberritzeko eta konpontzeko piezak lortzea erraza dela dio Oskar Bernal Axiriko mekanikoak. "Askotan, orain dela hamabost urteko autoaren piezak lortzea baino errazagoa da". Renault 4/4 autoa berritzen ari dira orain, 1954. urteko ibilgailua da.
Fiat X1/9
Marka horretako eta 1975. urteko bi auto ditu Oskar Bernalek. Bata ibilgailu klasikoen rallyak egiteko prestatuta du. Bestea, berriz, abiadurako auto lasterketetan irteteko ari da prestatzen. 1965eko Seat 600 D auto gris bat ere badu. "Orain dela lau urte ekarri nuen hori Logroñotik. Gurasoek 600 batean egin zuten ezkonbidaia, eta iaz, urrezko ezteiak ospatu zituztenean, nire 600 gris horretan joan ziren".
Renault 8TL
Antonio Sudupe Pioren autoa 1973. urtekoa da. "48 urte ditu, eta jatorrizko kolorean mantentzen dut. Atzeko aldean du motorra eta aurrean, berriz, maletategia. Ezkontzetarako-eta erabili izan dut, baita bideoklip bat grabatzeko nahiz erreportaje baterako ere", kontatu du Sudupek. Bere ilusioa zein den ere azaldu du: "Goiko kapota kentzen zaion Opel Kadett bat ere badaukat, eta nire ilusioa da erretiroa hartzen dudanean ibilgailu horretan Benidormera joatea".
Sarituak
Azkoitiko Axiri Classic taldeak eta Azkoitiko Ibilgailu Klasikoak elkarteak On Bosco zeharkaldiaren fideltasunaren saria jaso zuten joan den otsailaren bukaeran. Aurten, pandemiaren ondorioz, modu birtualean egin dute On Bosco zeharkaldia. (Argazkia: Joakin Sudupe)
Matrikulak
Orain urte gutxi arte, ibilgailu klasikoa 25 urtetik gorakoa izendatu izan da; orain, ordea, 30 urtetik gora izan behar ditu izendapen hori izateko. Suduperen arabera, "Azkoitian egun 80-90 ibilgailu klasiko daude". Ibilgailu klasikoen zaleek matrikulari garrantzia ematen diote. Historikoak diren ibilgailuek matrikulan H hizkia izaten dute zenbakiaren aurretik, eta gainontzekoek jatorrizkoa. "Matrikularen arabera bereizten ditugu historikoak eta klasikoak. Egun, klasikoen matrikulek balio handiagoa dute", azaldu du Sudupek.
Seat 124
42 urte ditu Juan Luis Aranbururen autoak. Azkoitiko baserri batekoa zen Aranbururena izan aurretik: "Txatarrarako zegoen autoa, desmontatu eta libre nituen orduetan dena muntatu nuen. Autoaren kolorea marroia zen lehen eta nik margotu nuen gorriz".
Hurrengo planak
Ibilgailu klasikoen zaleek azken bi urtean ezin izan dute topaketarik antolatu maiatzean. Hala ere, udarara begira eta "egoerak hobera" egiten badu, uztailerako Zumaiara joan- etorria prestatzeko asmotan direla esan du Sudupek: "Kopuru bat jarri eta adinekoak ibilgailu klasikoetan Zumaiara eraman nahi ditugu, han bueltatxo bat eman eta gero Azkoitira etorriko ginateke, Orbelara bazkaltzera".