Gaur, ostirala, estreinatuko dute Suharra dokumentala, Lasturko tabernan, 18:30ean. Igandean, ekainaren 6an, berriz, 19:00etan hasita Azkoitiko Baztartxo antzokian izango da ikus-entzunezkoa ikusteko aukera. Euskal Herrian galtzeko zorian dauden bertako behi arrazen inguruko dokumentala da Suharra.
Terreña, montxina, betizu eta larrabehien historia eta gaur egungo egoera jorratzen ditu, naturaren nahiz mendien bioaniztasunaren alde eta suteen kontra gauzatzen duten "paper garrantzitsua" agerian utziz, dokumentalaren egileen arabera. Horrez gain, emakumeen ikuspegiaren berri ere eman dute ikus-entzunezkoan: "Baserrian hain presente dauden emakumeen ikuspegia sartu nahi izan dugu, beren jarduerari justizia egiteko". Erlo Telebistako kideak Joanes Balentziaga azkoitiarrarekin bildu dira ikus-entzunezkoaren inguruko azalpenak jasotzeko.