Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak abian du Zapla bertsolari gazteen zirkuitua. Bederatzi bertsolari gazterekin eta horien bertso eskolekin elkarlanean antolatu du zirkuitua –tartean da Erniarraitz bertsozale elkartea– bertsolari gazteen plazaratzea sustatzeko asmoz. Joan den asteburuan egin zuten lehen bertso saioa, eta etzi, igandea, bigarren saioa egingo dute Azkoitian. 18:00etan hasita, Abaraxka aterpetxean bertsotan arituko dira Iker Ormazabal, Oihana Arana, Aner Euzkitze eta Miren Amuriza bertsolariak. Gai-jartzaile lanak, berriz Jeni Galdosek egingo ditu.
"Behin Eskolarteko Txapelketa bukatuta, plazaz plazako jardunera iritsi arteko etapan dauden bertsolari gazteek, sarri norbere bertso eskolak antolatutako saioetan kantatzeko aukera izaten dute, baina hortik kanpoko zirkuituan sartzea kosta egiten da", azaldu du Bertsozale elkarteak. Plazaratze prozesu horretan dauden bederatzi gaztek hainbat bertsolarirekin trukatutako esperientzietatik sortu da Zapla, eta asmoa da gazteek plazan dabiltzan bertsolariekin kantatzeko aukera izatea.
Azkoitiko saiorako gonbidapenak eskatu daitezke, hemen. Gonbidapenak eskatzen dituenak gehienez bi sarrera eskuratu ahal izango ditu.