Iban Larrañaga erremonteko Sagardoaren Txapelketaren finalaren atarian gelditu da

Mailo Oiarzabal

Segurolak eta atzelari azkoitiarrak tantu bakar batengatik (30-29) galdu zuten atzo Urrizaren eta Zalduaren kontra jokatutako finalaurrekoa.

Iban Larrañaga azkoitiarra erremonteko Sagardoaren XI. Txapelketaren finaletik kanpo gelditu da. Segurola eta atzelari azkoitiarra ezustekoa emateko zorian izan ziren atzo gauean Hernaniko (Gipuzkoa) Galarretan, baina tanto bakar batengatik galdu zuten azkenean Urriza eta Zaldua faboritoen kontra jokatu zuten finalaurrekoa.

Ezin parekatuagoa izan zen partidan, Urriza eta Zaldua (Bereziartua sagardotegiaren ordezkariak) aurretik ibili ziren gehienetan, baina oso alde estuekin beti ere. Neurketaren une erabakiorrak iristen joan ahala, ordea, Segurolak eta Larrañagak (Gaztañaga sagardotegia) aurrea hartzea ere lortu zuten. Finalerako txartela eskura izan zezaketeela zirudien, baina zortea ez zuten alde izan, azken tantoa egitea lortu zuen Urrizak ez bezala.

Atzoko bigarren finalaurrekoan Goikoetxea eta Aizpuru III.a 30-22 garaitu zituzten Ansa II.arekin eta Labakarekin neurtuko dituzte indarrak Urrizak eta Zalduak finalean. Datorren astelehenen gauean izango da, Galarretan bertan, ETB1eko Erremontari saioaren barruan. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide