Tetraphilla Ensemblek Ad Maiorem Dei Gloriam kontzertua eskaini du gaur Azkoitiko parrokian, Loiolako San Inazioren omenez. Bokal-laukote mistoaren eta akordeoi mesotonikoaren arteko konbinazioak sortzen dituen soinu aukerak aztertzeko interesak bultzatuta sortutako taldea da Tetraphilla Ensemble, eta gaur Azkoitian antzinako musikarekin eta garaikidearekin osatutako errepertorioa eskaini du. Loiolako San Inazioren omenez egin dutenez kontzertua –San Inazioren konbertsioaren 500. urteurrena ospatzen da aurten–, bertan izan da Ignacio Etxarte Loiolako santutegiko erretorea ere.
Gaurko kontzertuarekin bukatu da Azkoitiko 29. Udaberriko Musikaldia. Aurten, edukiera mugeak errespetatzeko, kontzertuak Santa Kutzeko elizan egin beharrean parrokian egin dituzte.
Maiatzaren 2an hasi zen musikaldia, Hatsaz eta hotsez kontzertuarekin. Ordutik, maiatzeko igande guztietan izan dira kontzertuak parrokian: hilaren 23an Vocalia taldearen kontzertua izan zen; Joxan Goikoetxeak eta Euskameratak emanaldia eskaini zuten maiatzaren 16an; eta astebete lehenago, hilaren 9an, Metamorfosia txistu eta pianoko kontzertua jo zuten Garikoitz Mendizabal txistulariak eta German Ormazabal piano jotzaileak.