Osakidetzak eta Osasunbideak argitara eman berri dituzten datuen arabera, denera, 9.775 proba diagnostiko egin zituzten atzo Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, eta horietatik 471 izan ziren positiboak. Hain zuzen ere, %5,1ekoa da positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta %3,9koa Nafarroan. Atzemandako kasu guztietatik 204 Bizkaian izan ziren, 133 Gipuzkoan, 81 Nafarroan eta 45 Araban. Beste zortzi kasu, berriz, lurralde horietatik kanpo zenbatu zituzten. Herenegun baino 34 positibo gehiago zenbatu zituzten atzokoan Hego Euskal Herrian, eta positiboen ehunekoak ere gora egin du (%4,5ekoa zen herenegun). Nafarroan ere gora egin du positiboen ehunekoak baina gutxiago: %3,8a zen herenegun.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetako egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 33 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren mendeko erietxeetan, herenegun baino gutxiago (41 izan ziren orduan), eta gaixotasuna duten 101 pertsona ZIUn daude (herenegun baino bi pertsona gutxiago).