Naizen elkarteko kideak Azkoitian izan ziren atzo, ostirala. Naizen Hego Euskal Herriko adingabe transexualen familiak biltzen dituen elkartea da, eta elkarteko kide diren Eder Iturraldek, Ane Aizpuruak eta Ainhoa Arregik hainbat azalpen eman zituzten Elkarguneko Oteiza aretoan elkartu ziren herritarren aurrean.
Artxamendik, Ludotekak eta udaleko Gazteria sailak antolatutako hitzaldia izan zen atzokoa. Izan ere, Artxamendin eta Abarketatxo Ludotekan transexualitatearen gaia landu dute azken asteetan. Era berean, Naizen elkarteari laguntzeko azoka solidarioa egin zuten joan den astean.
Sexologia azalpenak emateaz gain, kide bakoitzaren esperientzia izan zuten hizpide hiru lagunek. Eder Iturraldek eta Ane Aizpuruak izan dituzten arazoak eta bidean aurkitutako gauza onak kontatu zituzten. Ainhoa Arregik, Ane Aizpuruaren amak, ama bezala alabren historia azaldu zuen sakonetik.