Positibo kopuruak eta intzidentzia tasak behera egin dute Azkoitian azken astean

Ihintza Elustondo-Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 28a, 12:50

Atzo bi positibo zenbatu zituzten herrian. Horiekin, 22 lirateke aste guztian zenbatu dituztenak, joan zen astean baino hamabost gutxiago. Horrenbestez, behera egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak; 492,36koa da zifra hori une honetan, eta 559,12koa zen duela astebete. Eremu gorrian jarraitzen du Azkoitiak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratutako datuen arabera, bi positibo zenbatu zituzten atzo Azkoitian. Azken zazpi egunetan, 22 positibo baieztatu dituzte guztira, joan den astean baino hamabost gutxiago; 37 kasu atzeman zituzten orduan. Positiboen jaitsierarekin batera, behera egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere: 492,36koa da zifra hori une honetan, eta 559,12koa zen duela astebete. Azkoitiko egoerak hobera egin du azken astebetean, baina oraindik eremu gorrian dago herria. Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrien artean, intzidentzia tasarik altuena Azkoitiak du gaur-gaurkoz.

Urola Kosta eskualdean, antzerako daude datuak aurreko egunarekin alderatuta: atzo hamalau positibo berri atzeman zituzten, eta asteazkenean hamazazpi. Azken datuen arabera, launa kasu berri zenbatu zituzten atzo Azpeitian eta Zarautzen, baina herri horietako intzidentzia tasak ez dira asko aldatu: 315,37tik 328,5era igo da Azpeitian, eta 192,74tik 201,31ra Zarautzen. Orion eta Zumaian bina positibo berri atzeman zituzten atzo, baina positibotasunak oso baxua izaten jarraitzen du aurreneko herrian –50etik beherakoa–, eta bigarrenean ere apenas igo da, 152,64koa zelako herenegun, eta 162,82koa atzo.

Gainerako herrietan ez zuten positibo berririk atzeman atzo; hau da, Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan.

Hamar pertsona gutxiago Osakidetzaren erietxeetan

Hego Euskal Herrian, berriz, 437 positibo baieztatu zituzten atzo, osteguna, Osakidetzak eta Osasunbideak. Guztira, 9.976 PCR eta antigeno proba egin zituzten, horietatik 7.903 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 2.073, berriz, Nafarroan. Lurraldeka, Bizkaian atzeman zituzten atzo ere positibo gehien, 171, ondoren Gipuzkoan (138), Nafarroan (79) eta Araban (45). Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lau pertsonek ere eman zuten positibo atzo.

Hala, %4,5ekoa da positibotasuna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %3,8koa, berriz, Nafarroan. Nabarmen jaitsi da Nafarroan, bezperan %4,5ekoa zelako, eta antzerako dago gainerako hiru lurraldeetan, %4,4koa zelako atzo.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 41 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta COVID-19a duten 103 pertsona ZIUetan daude. Guztira, 277 pertsona daude Osakidetzako erietxeetan ospitaleratuta; bezperan baino hamar pertsona gutxiago, alegia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide