Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi duenez,azken orduetan egindako PCR eta antigeno probetan ez dute kasu positibo berririk baieztatu Azkoitian. Positiboak poliki-poliki behera egiten ari dira herrian, joan den larunbatean bezala atzo ere ez baitzuten positiborik zenbatu herrian. Azken hamalau eguneko intzidentzia tasak ere behera egin du Azkoitian. Eremu gorrian jarraitzen duen eskualdeko herri bakarra da Azkoitia, 484,02ko tasarekin.
Urola Kostan, bestalde, zortzi kasu positibo atzeman zituzten atzo egindako PCR eta antigeno probetan. Aipatu zortzi kutsatze horiek Azpeitian eta Zarautzen detektatu ziren, launa udalerri bakoitzean. Emaitza honek ez du aldatu bakoitzak zuen herri bakoitzak zuen kolorean, baina bai intzidentzia tasan: Azpeitiak eremu laranjan jarraitzen du, eta herenegun 302,32tik 308,80ra igo bazen, orain 328,52an kokatu da. Zarautzen, ordea, 214,16tik 205,59ra jaitsi da tasa, eta eremu horian dago oraindik.
Eskualdeko gainerako herrietan ez da kasu positiborik izan azken orduetan, eta horren beheranzko joera ekarri du intzidentzia tasetan. Oriok eremu berdean jarraitzen du 32,62ko positibotasu tasarekin. Gainontzeko herriak, berriz, gune kritikotik kanpo daude: Aian 50,38 da tasa, Aizarnazabalen eta Beizaman hutsa, Errezilen 966,18, Getarian 70,67, Zestoan 205,44 eta Zumaian 152,64.
Egoera, mantentzera
Hego Euskal Herrian kutsatze kopurua areagotu egin da azken orduetan, eta egoerak mantentzera jo du. Guztira, 10.989 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 432 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien (228), eta ondoren, Gipuzkoan (121), Nafarroan (52) eta Araban (29). Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko herritarren positibo zenbatu zituen Osakidetzak. Positibotasun tasak ere %5etik beherakoa izaten jarraitzen du; %4,3 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,4 Nafarroan.
Ospitaleetako egoerak ere hobera egiten jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 302 dira COVID-19agatik ospitaleratuta dauden gaixoak, eta horietatik 111 pertsona ZIUetan daudenak. Nafarroako erietxeetan, berriz, 64 pertsona daude, eta horietako hamahiru eri ZIUetan daude.