Herritarrek mikromatxismoen inguruan duten iritzia jakiteko inkesta abiatu du udalak

Anartz Izagirre 2021ko mai. 26a, 12:08

Azkoitiko Udaleko Berdintasun Sailak sustatuta, mikromatxismoen inguruko gida bat egingo da, eta horretarako, inkesta bat abiatu du udalak. Ekainaren 9a bitartean erantzun ahal izango dira galderak, udalaren webgunean.

Herritarrak sentsibilizatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko proiektuaren barruan, mikromatxismoen inguruko gida bat egingo du Azkoitiko Udaleko Berdintasun Sailak, eta horretarako, inkesta bat abiatu du erakundeak. Inkesta horren helburuak dira herritarrek mikromatxismoen inguruan zer pentsatzen duten ezagutzea eta egoera sexistak azaltzea. Udalaren arabera, sortuko den euskarria "Azkoitiko errealitatean" oinarrituko da, eta herritarrengandik eratorritako egoerak jasoko dira gida horretan. Honako lotura honetan bete daiteke inkesta, anonimoa izango da, eta ekainaren 9a izango da galderak erantzuteko azken eguna.

Berdintasun Sailak gauzatuko duen gidak bi atal izango ditu. Alde batetik, alderdi teorikoa izango du, eta bestetik, alderdi praktikoa edo egoera mikromatxistak grafikoki eta testu bidez azalduko dituen atala. Horrez gain, alternatibak ere emango dira euskarri horretan; hau da, mikromatxismoak zer diren azalduko da, egoera zehatzak ilustratuko dira, eta egoera horiek nola saihestu daitezkeen nahiz jarrera egokiak zeintzuk diren ere jasoko da gidan.

Udalak adierazi duenez, euskarri hori baliabide bat izango da herritarrak ohartarazteko mikromatxismoak "intentsitate txikiko mederatze eta kontrol portaera naturalizatuak" direla, baita "heziketan eragina duten produktu kultural, mediatiko eta digitalen emaitza" ere. Hori dela eta, erakundeak nabarmendu du "garrantzitsua" dela portaera horiek identifikatzea eta ondorioak ezagutzea, horiei aurre egin ahal izateko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide