Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu atzo, astelehena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Beste bost positibo atzeman zituen atzoko testetan Osasun Sailak herrian. Une honetan Azkoitia da eremu gorrian dagoen eskualdeko herri bakarra, eta Hori dela eta, zertxobait gora egin du herri horretan 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak; 517,40koa da uneotan, Gipuzkoako herri handien tasetatik altuena.
Eskualdean, apurka-apurka bada ere, hobetzen ari da egoera. Azkoitiko bost kasuez gain, beste zazpi positibo hauteman ditu Osasun Sailak Urola Kostan. Azpeitiak, esaterako, eremu laranjan jarraitzen du. Hiru positibo hauteman zituzten atzo han, eta intzidentzia tasa 302,32tik 308,80ra igo da. Zarautzen ere hiru positibo zenbatu zituzten, baina intzidentzia tasak bere horretan jarraitzen du; hain zuzen ere, 214,16koa da tasa eta eremu horian dago Urola Kostako herririk jendetsuena.
Horrez gain, hainbat egun positiborik gabe igaro ostean, kasu bat hauteman zuten atzo Orion. Hala eta guztiz, eremu berdean jarraitzen dute han 32,62ko intzidentzia tasarekin. Gainontzeko herrietan, berriz, ez zuten positibo berririk zenbatu atzo, eta tasek apaltzera egin dute. Aian 50,38koa da tasa, Aizarnazabalen eta Beizaman hutsa, Errezilen 966,18koa, Getarian 70,67koa, Zestoan 256,81ekoa eta Zumaian 172,99koa.
Positibotasun tasa, behera
Hego Euskal Herrian ere egoerak hobera egiten jarraitzen du, baina kutsatzeen kurba mantso ari da jaisten. Guztira, 10.684 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 329 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien (160), eta ondoren, Gipuzkoan (91), Nafarroan (53) eta Araban (19). Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko herritarren sei positibo zenbatu zituen Osakidetzak.
Ospitaleetako egoerak ere hobera egiten jarraitzen du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 212 dira COVID-19agatik ospitaleratuta dauden eriak, eta 117 pertsona daude ZIUetan. Nafarroako erietxeetan, berriz, 64 pertsona daude —ez dute zehaztu ZIUetako erien kopurua—. Positibotasun tasak ere %5etik beherakoa izaten jarraitzen du; %3,2 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,7 Nafarroan.