Eusko Jaurlaritzak jakinarazi ditu ostiraletik atzora bitartean egindako PCR eta antigeno testetan atzemandako kasu positiboak zenbat izan diren Azkoitian. Azken hiru egunetan sei kasu zenbatu dituzte; lau atzeman zituzten ostiralean eta bi atzo.
Azpimarratu behar da, ordea, ia bi hilabeteren ondoren kasu positiborik gabeko eguna izan zela joan den larunbata Azkoitian. Larunbatera arte, martxoaren 28a izan zen herrian positiborik gabe azken eguna. Intzidentzia tasak, bestalde, maila altuetan jarraitzen du Azkoitian. Eremu gorriaren barruko herria da gaur-gaurkoz 500,71ko tasarekin.
Beheranzko joerarekin jarraitzen dute Urola Kostako positibo kopuruek ere. Guztira, 26 positibo berri atzeman dituzte eskualdeko herrietan azken hiru egunetan —joan zen asteburuan 79 izan ziren—, eta kasu horien erdiak Zarautzen izan dira, hamahiru gaixorekin; ostiralean bat, larunbatean hiru eta atzo bederatzi. Edonola ere, Urola Kostako herririk handienean nabarmen egin du behera 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak, eta gaur-gaurkoz 214,16koa da; oraingoz eremu horian dago.
Zarautzen ondoren, Azkoitian eta Azpeitian zenbatu dituzte kasu gehien, seina kasurekin. Azpeitian hautemandako sei kasuei dagokienez, bi ostiralean izan ziren, hiru larunbatean eta bat atzo, eta eremu laranjan jarraitzen du 302,23ko intzidentzia tasarekin. Azkenik, Zestoan kasu bat detektatu zuten larunbatean, eta bere positibotasun tasa 282,449koa da.
Gainerako herrietan ez da positibo kasurik izan asteburu osoan, eta horren eragina izan du zalantzarik gabe intzidentzia tasa metatuan ere. Orio, esaterako, eremu berdean sartu da, eta bere tasa 16,31koa da, eta Zumaia eremu horian dago, 193,34koarekin. Beste udalerriak inolako eremu kritikotan ez zeuden arren, beraien intzidentzia tasak ere nabarmen egin dute hobera: Aian 50,38koa da, Aizarnazabalen 130,04koa, Getarian 106,01koa eta Errezil 1127,21. Beizaman intzidentzia tasarik gabe jarraitzen dute.
Hego Euskal Herrian, hobera
Eskualdean bezala, Hego Euskal Herrian kutsatzeek beherantz egin dute. Lau lurraldeetan, guztira, 6.345 PCR eta antigeno egin zituzten atzo, eta horietatik 288 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien (125), eta ondoren, Gipuzkoan (88), Nafarroan (47) eta Araban (25). Positibotasun tasari dagokionez, %4,6 izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,2 Nafarroan.
Ospitaletako egoerak ere nabarmen egin du hobera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, guztira, 214 pertsona daude COVID-19 gaitzagatik, eta ZIUetan, 124. Nafarroako Gobernuak ez du oraindik eman ospitaleratzeei buruzko datu eguneraturik..