Beste urrats bat Bigarren B Mailara bidean

Julene Frantzesena 2021ko mai. 23a, 19:02

Anaitasunako mutilen taldea gaur Pasaian. (Anaitasuna)

Anaitasunako gizonen lehen taldeak bizi-bizirik jarraitzen du mailaz igotzeko borrokan. Izan ere, igoera faseko lehen norgehiagoka irabazi du gaur, Pasaian, 0 eta 1 nagusituta. Datorren larunbatean jokatuko du bigarren kanporaketa, Sestao Riverren kontra, Sestaon (Bizkaia).

Anaitasunako mutilen lehen taldeak beste urrats bat egin du Espainiako Bigarren B Mailara igotzeko bidean. Izan ere, Pasaiaren kontra jokatu du igoera faseko lehen kanporaketa etxetik kanpo, eta neurketaren azken minutuetan lortu du garaipena. Mikel Aramendik sartu du gola penaltiz, 90. minutuan, eta 0 eta 1ean bukatu da norgehiagoka.

Horrenbestez, gaurko garaipenari esker, beste kanporaketa bat jokatuko du Anaitasunak datorren asteburuan. Sestao River taldea izango du Anaitasunak aurrez aurre larunbatean, 17:30ean. Partida hori ere etxetik kanpo jokatu beharko du Xabier Artetxek gidatzen duen taldeak, bigarren fasea ez duelako talde onenen multzoan jokatu. Sestaoko (Bizkaia) Las Llanas zelaian jokatuko dute gorrixek.

Igoera faseko kanporaketa guztiak partida bakarrera izango dira. 90 minuturen ondoren, neurketa berdinduta baldin badago, luzapeneko 30 minutu gehiago jokatuko dira, eta horiek jokatuta ere berdinduta badago norgehiagoka, ez da penaltirik jaurtiko; etxeko taldeak lortuko bailuke kanporaketa gainditzea. Anaitasunak kanporaketa gainditzeko duen aukera bakarra, beraz, partida irabaztea da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide