Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratutako datuen arabera, sei positibo zenbatu zituzten atzo Azkoitian. Une honetan, 559,12koa da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa herrian, atzo baino zertxobait baxuagoa –592,51koa zen atzo–. Aste guztian, 37 positibo zenbatu dituzte herrian, joan zen astean baino zazpi gehiago. Dena dela, duela astebete baino baxuagoa da intzidentzia tasa egun; 667,61ekoa zen zifra hori duela astebete. Gipuzkoa osoan bi herri baino ez daude eremu gorrian, eta horietako bat da Azkoitia –Tolosa da bestea–.
Herenegungo datuekin alderatuz gero, Urola Kostan atzemandako positibo kopurua bikoiztu egin da; izan ere, herenegun hamahiru positibo zenbatu zituen Osakidetzak eskualdean egindako PCR eta antigeno probetan, eta atzo egindakoetan, berriz, 31. Azpeitian atzeman dituzte horien herenak: hamar kasu. Gainerakoak, honako herri hauetan zenbatu dituzte: Zarautzen sei, Errezilen eta Zestoan hiruna, Zumaian bi eta Getarian bat.
Azpeitia eremu horitik laranjara igaro da azken orduetako positiboak tarteko: 315,37 da hango intzidentzia tasa. 5.000 biztanletik gora gainerako eskualdeko herriak eremu horian dira, eta 5.000tik beherakoen artean Errezil da tasa altuena duena: 1.288,24 da hango tasa.
Hego Euskal Herrian ere, gora
Hego Euskal Herrian ere gora egin du positiboen kopuruak; 9.435 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietan 468k eman zuten positibo –412k herenegun–. Horietako gehienak Bizkaian atzeman zituzten 233; Gipuzkoan, 133; Nafarroan, 72; Araban, 27; eta lurralde horietatik kanpo bizi diren hiru lagunek ere eman zuten positibo. Gaur-gaurkoz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa %5,1 da, eta %4,2 Nafarroakoa.
Ospitaleetako egoera hobera ari da egiten, pixkanaka bada ere. Atzo 44 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzaren erietxeetan. Orotara, 226 lagun –herenegun baino hamazazpi gutxiago– zeuden ospitaleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta horietatik 130 zeuden ZIUetan –herenegun baino bat gutxiago–.