Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek greba eguna dute gaur, LAB eta ELA sindikatuek deituta. Langileek, baina, ez dute lanuztea egiteko aukerarik izan, beste behin ere %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkietelako, epaile baten babesarekin. Dena dela, ahal izan dutenak Donostian bildu dira, Adegi patronalaren egoitzaren parean egin duten elkarretaratze bateratuan. Han izan dira Urola Kostako egoitzetako langileak ere.
2012tik lurralde mailako lan hitzarmenik berritu gabe daude Gipuzkoako egoitzetako beharginak, eta azken urteotan ia 250 greba egun egin dituzten arren, patronalarekin negoziazioetan aurrera egiterik ez dute lortzen. Lan baldintza duinagoak nahi dituzte; besteak beste, lan karga eta ratioak murriztea, alegia, langile bakoitzeko egoiliar kopurua gutxitzea, edo beste era batera esanda, langile gehiago hartzea. Horrek, beste zenbait aldaketarekin batera, zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetuko lukeela uste dute. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu dute, langileen bilera eskaerei ez dielako jaramonik egiten eta arazoa desblokeatzeko ere ezer egiten ez duela iritzita.
Ekainaren 14rako beste greba deialdi bat egin du ELA sindikatuak.