Urtebete igaro ondoren, Azkarateko hondakin gunearen mamuak hautsak harrotu ditu berriro herrian. Inoiz ez bezala mugitu ziren orduan herritarrak, eta aurkakotasun irmoa erakutsi ere bai. Hilabete batzuetako gatazkaren ondoren, alkateak hitz eman zuen herrian adostasunik ez bazegoen ez zela egingo, eta iritzi desberdinak mahai-gaineratzeko antolatutako topagunean garbi geratu zen adostasunik ez egoteaz gain, hondakin gune horren beharrik ere ez zegoela herrian. Ondorioz, udalak atzera bota zuen egitasmoa.
Azkarateko hondakin gunea aurrera eraman nahi duen enpresa, Larke edo Egurki da, herritar familia batena, eta horiek udalaren babesik ez bazuten proiektua erretiratu egingo zutela konprometitu ziren arren, ez zuten emandako hitza bete eta errekurritu egin zuten udalaren erabakia.
Orain, Lurralde Antolamendurako Batzordeak udalaren erabakia atzera bota ondoren, egoera arriskutsu eta nahasi batean aurkitzen gara; baina, azken egun hauetan gaiari buruz bai alderdi politikoek eta bai iritzi emaileek idatzi dutenaren arabera, nahiz eta Lurralde Antolamendurako Batzordeak atzera bota udalaren erabakia, legearen beraren beste atal batzuek ahalbidetzen dute udalak hartutako erabakiari eustea, hau da, Azkoitian hondakin gunerik ez egitea.
Herrian sortzen diren hondakinek badute nora eramana urrutira joan gabe. Beraz, horrelako hondakin gune batek ez dio Azkoitiari inolako mesederik egiten eta oso kalte handiak sortuko lituzke gure ingurugiroan denak ondo funtzionatuta ere, horrelako azpiegitura batek berekin darama eta zoritxarraren arriskua.
Herritarrok espero dugu gure udal ordezkariek aurkituko dutela hartutako erabakiari eusteko bidea, behin hartuko zuten erabaki bat herriaren iritzia kontuan izanda eta orain ez al da ezerezean geldituko. Beraz, gure dei irmoa udalari, eutsi diezaion herriaren borondatearekin bat hartutako erabakiari, gainerakoan berriro borrokara jo beharrean aurkituko baigara eta inori ez zaio atsegin, guri ere ez, herrian giroa gaiztotzea.
Eta, Larkeri edo Egurkiri. Azkarateko hondakin gunearen enpresa sustatzailea herritar familia bat den heinean, gure harridura eta ezustea adierazi nahi dizkiogu, herrian bizi den familia izanik, ez baitugu ulertzen nola joan daitezkeen herriaren borondatearen aurka eta udalak aho batez hartutako erabakiaren aurka, beraiek aurretik emandako hitza janez. Beraz, arazo honen irtenbidea Larkeren edo Egurkiren esku ere badago, eman zuten hitza betetzearekin arazoa konponduta bailegoke. Oraindik garaiz daudenez, espero dugu zentzuz jokatuko dutela Azkarateko hondakin gunearen egitasmoa bertan behera utziz. Ez al dute hipotekatuko Azkoitiaren etorkizuna zoritxarrez ezagunegiak zaizkigun honelako proiektu erraldoi eta kutsakor batekin.
Egoera honetan, herri osoari dei egiten diogu erne egoteko eta gertutik jarraitzeko bai batzuk eta bai besteek ematen dituzten pausoekin. Gertaerek okerreko bidea hartuko balute berriro borroka egin beharrean aurkituko baiginateke lehen hainbeste kostata lortutakoari eusteko. Azkaraten hondakin gunerik ez.