Azkoitiko Bake Epaitegiak Maxixatzen.eus-i emandako datuen arabera, Mohamed, Ane eta Haizea izan ziren iaz, 2020an, Azkoitian jaiotako haurren artean gehien errepikatu ziren izenak. Guztira, 90 haur jaio ziren iaz Azkoitian —2019an baino bat gutxiago—, eta horietatik 47 izan ziren neskak eta 43 mutilak.
47 neska (jaioberrien %52,2) horien artean, Ane eta Haizea izenak izan ziren gehien errepikatutakoak; izen hori duten hiruna haur jaio ziren iaz Azkoitian. Nora, Nikole, Mara eta Nile izenak, berriz, birritan errepikatuta ageri dira Bake Epaitegiak emandako datuetan. 43 mutilen (jaioberrien %47,8) artean, berriz, Mohamed izan zen iaz gehien errepikatu zen izena; lau mutil ageri dira Bake Epaitegiak emandako datuetan Mohamed izenarekin. Horrez gain, bi aldiz errepikatuta ageri dira Jon, Xanet eta Muhammad Talha izenak. Era berean, 2020an Azkoitiko gurasoek neskei zein mutilei errepikatutako izenak hamar izan ziren orotara. Errepikatu gabeko izenak, berriz, 66 izan ziren.
2019ko datuak
2019an, guztira, 91 haur jaio ziren iaz Azkoitian, eta horietatik 49 izan ziren neskak eta 42 mutilak; hori horrela, iaz 2019an baino bi neska gutxiago jaio ziren herrian, eta mutil bat gehiago. Guraso azkoitiarrek hainbat izen errepikatu zituzten 2019an, baina arruntena Luka izan zen azkoitiarren artean. 2018. urtean, berriz, 74 haur –41 mutil eta 33 neska– jaio ziren herrian, eta 115 izan ziren 2017. urtean jaiotakoak.