Kasu positiboek eta intzidentzia tasak nabarmen egin dute gora berriz ere Azkoitian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 19a, 13:04

Atzo egindako probetan azken bost egunetan bezainbeste positibo zenbatu ditu Osasun Sailak Azkoitian. Intzidentzia tasak gora egin du, eta berriz ere 600eko langara gerturatu da.

Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Azkoitian positiboek berriz ere gora egin dute, eta intzidentzia tasa ere igo egin da positibo horien eraginez. Atzo beste hamahiru kasu zenbatu zituen Osasun Sailak herrian, eta intzidentzia tasa 592,51ra igo da. Eremu gorrian jarraitzen du, beraz, Azkoitiak.

Urola Kostan hemezortzi kasu positibo baieztatu dituzte, bezperan baino bost gehiago. Azkoitiako kasuez gain, Azpeitian lau lagunek eman dute positibo eta batek Zarautzen. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk hauteman azken orduetan.

Urola Kostako gainontzeko herrietan, ordea, jaitsi egin da edo berdin mantendu da kasu metatuen tasa. Azpimarratzekoa da eremu gorritik atera dela Zumaia, atzo positibo bat bera ere zenbatu gabe, 396,87ra egin du behera han tasak. Hortaz, bi dira eremu laranjan dauden herriak: Zumaia eta Zarautz. Zarautzen ere, dena den, 321,24ra jaitsi da intzidentzia tasa. Azpeitiak eta Oriok horiz margotuta jarraitzen dute, 269,38ko eta 212ko intzidentzia tasak baitituzte, hurrenez hurren.

Herri txikiei dagokienez, behera egin dute tasek Aian (352,64), Errezilen (805,15) eta Zestoan (231,12). Berdin mantendu dira, ordea, Aizarnazabalen (260,08), Beizaman (huts) eta Getarian (106,01).

Positibotasun tasa gora

Atzo koronabirusa atzemateko 11.226 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta guztira, 440 lagunek eman zuten positibo: 221ek Bizkaian, 113k Gipuzkoan, 72k Nafarroan, 31k Araban eta hiruk beste lurralde batzuetan. Bezperan baino 120 kasu gehiago izan dira Hego Euskal Herrian, beraz.

Nabarmena da, gainera, positibotasun tasak gora egin duela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo proba egin zutenen %4,1ek eman dute positibo, eta ehunekoa %2,9koa izan zen bezperan. Nafarroan, bestalde, %2,3tik %3,1era igo da positibotasun tasa.

Osakidetzako erietxeetan ere ospitaleratze berri gehiago izan ziren atzokoan: 43 izan ziren astelehenean, eta 48 atzo. Dena den, bezperako datuekin alderatuta, COVID-19ak jotako jende gutxiago dago erietxeetan: 256 ziren astelehenean, eta 246 atzo. Zainketa Intentsiboen Unitateetan bezperan baino bi pertsona gutxiago zeuden atzo, alegia, 131.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide