Azkoitian ez da arraunean aritzeko aukerarik, baina asko dira Azkoititik kostaldeko herrietara kirol hori egitera joaten diren herritarrak. Zumaiako jubenil taldean aritzen dira horietako batzuk, zehazki lau azkoitiar aritzen dira talde horretan, eta ez dira lan makala egiten ari denboraldi honetan. Izan ere, Manex Unanue, Manex Azpillaga, Urko Unanue eta Jon Santizo kide diren Zumaiako jubenilen taldeak Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa irabazi berri du asteburuan.
Getarian jokatu zituzten finalak igandean, eta jubenil mailako gizonen Zumaiako ontziak irabazi zuen lehia, nagusitasunez. Izan ere, bigarren sailkatu zen San Juani hogei segundoko aldea atera zion Telmo Deuneko taldeak. Zehazki, 16:21,92 denbora behar izan zuen estropada gauzatzeko Zumaiako trainerillak, eta 16:42,10 San Juanekoak. Hibaika izan zen hirugarren, 19:16,62 denborarekin.
Asteburuan Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Zumaiako jubenil taldeko arraunlariek, Legution (Araba).