Positiboek gora egin dute azken orduetan Azkoitian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 13a, 13:10

Intzidentzia tasak behera egin du atzotik herrian, baina atzo herenegun baino bi aldiz kasu positibo gehiago zenbatu ditu Osasun Sailak. Hego Euskal Herrian azken egunetako joera mantendu zen atzo ere.

Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak jakinarazi ditu duela minutu gutxi Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Azkoitian berriz ere gora egin dute kasu positiboek; izan ere, atzo zortzi positibo hauteman zituen Osasun Sailak herrian, herenegun baino bi aldiz gehiago. Halere, azken hamalau egunetako intzidentzia tasak behera egin du Azkoitian; 759,41etik 734,37ra jaitsi da, hain zuzen ere.

Txostenaren arabera, Urola Kostan hogei lagunek eman dute positibo atzo egindako probetan, bezperan baino bost gehiagok. Azkoitian bezala, Azpeitian ere gora egin du atzemandako kasuen kopuruak, bost emaitza positibo izan baitira atzoko probetan han. Zarautzen behera egiten jarraitzen dute kasuek, atzo lau positibo zenbatu baitzituzten, eta Zumaian aurreko bi egunetan bezainbeste kasu positibo izan dira, bi. Orion kasu berri bat hauteman dute, azken hiru egunetako lehenengoa. Eskualdeko gainontzeko herrietan, ordea, ez da emaitza positiborik egon.

Azkeneko emaitzak kontuan hartuta, Orion gora egin du 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak: 456,62an zegoen atzo, eta 472,93an dago azken orduetako datuekin. Baita Azpeitian ere, bezperako emaitzekin alderatuta, intzidentzia tasak gora egin du, 354,8tik 361,37ra. Eskualdeko gainontzeko herrietan, baina, jaitsi edo berdin mantendu da intzidentzia tasa.

Atzotik hona, beraz, honako jaitsiera izan dute kasu metatuen tasek herriz herri: 906,8tik 604,53ra jaitsi da Aian, 650,2tik 520,16ra Aizarnazabalen, 212,01etik 176,68ra Getarian, 586,8tik 522,55era Zarautzen, 487,93tik 410,89ra Zestoan, eta 681,8tik 580,03ra Zumaian. Errezilen berdin mantendu da intzidentzia tasa, 1.449,28an, eta Beizaman, aldiz, hutsean.

551 kasu Hego Euskal Herrian

Koronabirusa hautemateko 11.907 proba egin zituzten atzo, asteazkenean, Hego Euskal Herrian. 551 emaitza positibo izan dira guztira, bezperan bezala, ia-ia; asteartean egindako probetan 543 emaitza positibo zenbatu zituzten. Atzoko proben bidez 276 kasu berri detektatu dituzte Bizkaian, 152 Gipuzkoan, 94 Nafarroan, 27 Araban eta bi beste lurralde batzuetan.

Hala ere, positibotasun tasak joera desberdina izan du Hego Euskal Herriko lurralde batean edo bestean: Nafarroan nabarmen igo da tasa, %2,5etik %4,2ra, baina zertxobait behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %4,9tik %4,7ra, hain zuzen.

Osakidetzako erietxeetan jaitsi egin dira ospitaleratze berriak, eta 59 izan ziren atzo, bezperan baino hamar gutxiago. Gaur-gaurkoz, COVID-19ak jotako 336 lagun daude Osakidetzan ospitaleratuta, eta horietatik 153 daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide