Egunero irteteko eta bisita gehiago jasotzeko aukera izango dute adinekoen egoitzetan astelehenetik aurrera

Andoni Elduaien 2021ko mai. 12a, 18:42

Azkoitiko San Jose egoitza.

Orain arte, astean lau irteera eta bi bisita jaso zitzaketen egoiliarrek beren egoitzean. Astelehenetik aurrera, ordea, egunero irten ahalko dute egoitzatik eta astean hiru bisita jasotzeko aukera izango dute.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Jaurlaritzak zentro soziosanitarioetan COVID-19a zaintzeko eta kontrolatzeko neurri berriak adostu dituzte protokoloan. Astelehenetik aurrera, egoitzetan eta zentroetan mendekotasun egoeran bizi diren adinekoek nahiz desgaitasuna duten pertsonek orain arte baino bisita bat gehiago jasotzeko aukera izango dute astean.

Astean hiru bisita jaso ahal izango ditu gutxienez egoiliarrak protokolo berriaren arabera. Bizikidetza burbuilak babesteko, bisitak horretarako berariaz jarritako espazioetan egingo dira bisitaldiak, eta kanpotik bi pertsona sartu ahal izango dira aldi berean. Era berean, erabiltzaileek egunero irten ahal izango dute beren zentroetatik, eta lehentasuna emango diete bisitetarako irteerei.

Zentroak erabakiko ditu gune bakoitzeko sarrera eta irteera ordutegiak, eta gehienez ere ordubeteko iraupena izango dute egonaldiek. Aldundiak jakinarazi duenez, baldintza horiek salbuetsita geldituko dira egoiliarra bizitza amaierako prozesuan baldin badago edota haren egoera kognitiboek egoera ulertzea eragozten badute. Kasu horietan, maiztasun, iraupen eta bisita gehiago baimendu ahal izango dira egoiliarraren logelan.

Halaber, ibilaldi terapeutikoak lehenetsiko dituzte zentroetan, irteeretan espazio itxiak eta jendetsuak saihestuz. Aurrerantzean zentroa dagoen udalerriaren egoera ez dute kontuan hartuko irteerak egiterakoan. Egoiliarra bizi den zentroan agerraldia edo antzeko egoeraren bat gertatzen bada etengo dituzte soilik irteerak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide