Espainiako Gobernuak gauerdian indargabetu du alarma egoera, eta hori horrela, aurrerantzean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek ez dute mugitzeko mugarik, etxeratze agindurik eta bilkurak lau lagunera mugatu beharrik izango. Gainera, Eusko Jaurlaritzak iragarri du tabernek eta jatetxeek 22:00ak arte zabalik egoteko aukera izango dutela gaurtik aurrera, eta kultur, gizarte eta merkataritza jarduerek ere ordu muga hori errespetatu beharko dutela. Baina zertan eragingo dute neurri berriek, zehazki? Hona hemen argibide batzuk:
Eusko Jaurlaritzak kaleratu duen dekretuaren arabera, aurreantzean ere beharrezkoa izango da 6 urtetik gorakoek maskara erabiltzea, eskuak ondo garbitzea, metro eta erdiko segurtasun distantzia mantentzea eta leku itxiak aireztatzea.
Zer aldatuko da merkataritza guneetan?
Merkataritza guneek gehienez ere 22:00etan itxi beharko dute, edukieraren %50era mugatuta egongo dira, eta 150 metro koadrotik gorako azalera dutenek edukieraren %40 izango dute baimenduta gehienez. Debekatuta dago jolaslekuak, haurrentzako guneak edo atsedenlekuak erabiltzea, eta itxita egon beharko dute horiek.
Nola eragingo diote neurri berriek ostalaritzari?
Tabernak eta jatetxeak 22:00etan itxiko dira beranduenez, eta ezingo dira 06:00 baino lehen zabaldu. Barrualdeak %50eko edukierarekin zabalduko ahalko dira. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai desberdinetan eserita dauden pertsonen artean, kanpoan zein barruan, gutxienez metro eta erdiko distantzia egokia mantentzen dela bermatu beharko da. Mahai bakoitzean ezingo dira lau bezero baino gehiago egon, eta ezingo dira bi mahai edo gehiago batu pertsona kopuru handiagoko talde batentzat, bizikideen kasuan izan ezik.
Eskaerak 22:00ak arte entregatu ahal izango dira tabernan edo jatetxean bertan, aurrez hitzordua eskatuta. Etxez etxeko banaketa 23:00ak arte egin ahal izango da. Zerbitzuguneetan dauden ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak irekita egon ahal izango dira 22:00etatik 06:00etara, baina pasoko erabiltzaileentzat bakarrik. Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak itxita egongo dira. Diskotekek eta gaueko aisialdiko guneek ere itxita jarraituko dute.
Zer aldatuko da hoteletan, kanpinetan eta turismo ostatuetan?
Hoteletako, kanpinetako eta turismo ostatuetako eremu komunetan pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia bermatu beharko da. Eremu komun bakoitzeko gehienezko edukiera %50ekoa izango da, eta inoiz ezingo dira egon aldi berean 30 pertsona baino gehiago.
Neurri berriek nola eragingo diete kultur edo gizarte ekitaldiei?
Dantza talde ez profesionalen entseguak baimenduta daude, eta pertsonen arteko segurtasun distantzia errespetatu eta maskara erabili beharko dira.
Kultura ikuskizunak egin ahal izango dira publikoarekin instalazio propioetan, kirolgune itxietan edo beste eraikin mota batzuetan, gehienez ere %50eko edukierarekin eta 400 pertsonarekin. 1.600 pertsonatik gorako edukiera duten aretoetan, gehienezko edukiera 600 pertsonakoa izango da. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da. Aire zabaleko kultur jarduerak eta ikuskizunak egitea baimentzen da, %50eko gehienezko edukierarakin, eta gehienez 600 pertsona elkartu ahalko dira. Ikus-entzuleak eserita egon beharko dira, eta aulkia aurrez esleitzea eskatuko da. Artista taldeei dagokienez, interpreteen arteko interakzioa baimenduta egongo da ikuskizunak irauten duen bitartean. Ekitaldi kulturalak eta sozialak ezingo dira 22:00ak baino beranduago amaitu.
Zer gertatuko da museoekin eta erakusketa aretoekin?
Taldeen bisitak gehienez sei pertsonakoak izango dira, gida kontuan hartu gabe. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da. Eskola talde egonkorrak gida bakarrarekin joan ahal izango dira museoetara. Areto edo espazio bakoitzean baimendutako edukieraren ehuneko %50eko gehienekoarekin egin ahal izango dira jarduerak (gehienez ere 400 pertsona onartuko dira).
Zer aldatuko da kirol jardueretan?
Federatu gabeko kirol jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean sei laguneko taldeetan, gehienez ere. Lehiaketa profesionalean eta federatuan aritzen diren taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak egin ahal izango dira.
Eskola kiroleko entrenamenduak egin ahal izango dira, gehienez ere sei laguneko taldeetan antolatuta. Taldea beti pertsona berberek osatuko dute, eta ezingo dira aldagelak erabili.
Kirol instalazioetan, igerilekuak barne, %50eko gehienezko edukiera baimenduko da. Kirola bakarka edo taldeka egin ahal izango da, gehienez sei laguneko taldeetan. Taldeka ematen diren eskoletan, gehienez sei lagunek parte hartu ahal izango dute talde bakoitzean, eta ematen den espazioan ezarritako gehieneko edukiera errespetatuko da. Aldagelak erabili ahal izango dira, betiere gehieneko edukieraren %35eko okupazioarekin. Halaber, dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banaka erabiltzen badira. Maskara nahitaez erabili beharko da, dutxatzeko unean izan ezik. Debekatuta dago ikusleak kirol ekitaldietara joatea.
Ehiza eta arrantza jarduerak baimenduta al daude?
Ehiza jarduerak eta ibaiko, itsasoko, kirol eta jolas arrantza baimenduta daude, betiere pertsonen arteko segurtasun distantzia mantentzen bada. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da.
Parkeak eta kirol-eremuak irekita egongo al dira jendearentzat?
Bai, irekita egongo dira, baldin eta horietan gehieneko edukiera errespetatzen bada. Jaurlaritzaren dekretuaren arabera, lau metro koadroko pertsona batek egon ahal izango du soilik. Udalei dagokie espazioak antolatzea, eta garbitasun zein higiene baldintzak bermatzea.
Ba al dago haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko jarduerak egiterik?
Bai, baina COVID-19aren aurkako protokoloa izan beharko du jarduerak antolatzen dituen erakundeak. Begirale batekin batera, sei laguneko talde egonkorretan garatuko dira jarduerak, eta ahal dela, aire zabalean egin beharko dira. Jantokiak erabiltzen badira, edukiera %50ean mugatu beharko da, eta sei pertsonako talde berberak mantendu, taldeen artean gutxienez bi metroko tartea gordez. Maskara beti erabili beharko da.
Aisialdiko jardueretan gaua etxetik kanpo igarotzerik ba al dago?
Bai. Gela partekatuetan igaro behar badute gaua, gehieneko edukiera %50ekoa izango da, eta sei pertsonako talde egonkorrak mantenduko dira, begirale baten zaintzapena. Gaua pasatzeko kanpin-denda erabiltzen bada, berriz, pertsona batek egin dezake soilik lo denda bakoitzeko. Parte hartzaileak bizikideak baldin badira, denda berean egin dezakete lo.
Zein dira erlijio eta kultu jardueretarako ezarri dituzten neurriak?
Erlijio eta kultu aretoen edukiera %35ekoa izango da gehienez, eta 1,5 metroko tartea gorde beharko da pertsona batetik bestera; bizideak elkarren ondoan eseri ahalko dira. Beilak mota guztietako instalazioetan egin ahalko dira; aire zabalean gehienez 30 pertsona elkartu ahalko dira, eta sei pertsona espazio itxietan. Halere, bertaratutakoen kopurua txikiagoa bada, ezingo da gainditu edukieraren %50a.
Hildako pertsona bat ehorzterakoan edo haren errausketa agurra egiterakoan, gehienez 30 pertsonak parte hartu ahal izango dute, betiere ekitaldia aire zabalean egiten bada. Leku itxian, berriz, gehienez hamar pertsona elkartu ahalko dira.
Egin al daitezke ezkontzak, jaunartzeak bataioak eta antzeko ospakizunak?
Zeremonia edo ospakizun horiek kultu lekuetan egiten badira, erlijio kultuko ekitaldiak egiteko ezarritako edukiera-arauak eta higiene eta prebentzio-neurriak aplikatu beharko dira. Ostalaritza eta jatetxeetan egin daitezkeen ospakizunek establezimendu horietan zerbitzua emateko aurreikusitako baldintzak eta edukiera bete beharko dituzte. Ekitaldi horiek ostalaritza eta jatetxe establezimenduekin bat ez datozen esparruetan antolatzen dituzten enpresek prebentzio neurri baliokideak bete beharko dituzte eta protokolo bat izan beharko dute. Ekitaldi horiek ezingo dira 22:00ak baino beranduago amaitu.
Garraio publikoari nola eragiten diote neurri berriek?
Ibilgailuak gehieneko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira, bai eserita bai zutik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako garraio publiko guztietan bidaiek bi ordu baino gutxiago irauten badute, debekatuta egongo da jatea; alkoholik gabeko edariak edan ahal izango dira, ordea. Era berean, edozein garraio publikok eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoa barruan mugitzen direnek 23:00etan irten beharko dute beranduenez.
Udari begirako neurriak
2021eko udari begira, Jaurlaritzak neurri bereziak hartu ditu. Hondartzetan, Aldundiak eta udalak ezarri beharko dituzte mugak hondartzetara sartzeko eta edukiera zehazteko. Mugak ezarri ahalko dituzte hondartzan egoteko denboran, bai aparkalekuetarako sarbideetan. Aire zabaleko zein estalitako igerilekuetan, berriz, edukiera %50ekoa izango da. Erabiltzaileen arteko segurtasun distantzia errespertatu beharko da, eta igerilekuetako egonlekuetan banaketa espaziala jarri beharko da. Hondartzetan eta igerilekuetan, bainua hartzeko momentuan eta leku zehatz batean egonez gero, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko segurtasun tartea errespeta badaiteke. Hondartzetan eta igerilekuetan joan-etorriak egiteko eta paseatzeko, maskara erabili beharko da.
Udan ohikoak diren kirol lehiaketak federazioen egituratik kanpo antolatzen badira, antolatzaileek baimena eskatu beharko diete erakunde eskudunei, lehiaketa garatzeko protokolo bat erantsita. Modu berean jokatu beharko dute aisialdiko jarduerak antolatzen dituzten erakundeek.
Programatu gabeko jaien eta ospakizunen inguruan, berriz, Jaurlaritzak berretsi du bide publikoan zein kanpoko esparruetan debekatuta dagoela alkohola kontsumitzea. "Kale zurrutak" edota "ez-jaiak" bezalako bilkurak ere debekatuta utzi ditu Jaurlaritzak.