EAEko Auzitegi Nagusiak bihar jakinaraziko du Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren inguruko erabakia

Amaia Urbieta 2021ko mai. 6a, 14:00

Azkoitia, azko itxialdi garaiko irudi batean. (Argazkia: Alex Berasategi)

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako dekretu zirriborroak alarma egoera indargabetzen denetik aurrerako neurriak proposatzen ditu. Fiskaltza atzo joan-etorriak mugatzearen eta etxeratze aginduaren aurka agertu zen, neurri horiek oinarrizko eskubideak murrizten dituztelako.

Espainiako Gobernuak erabaki du igande honetan, maiatzaren 9tik aurrera, bertan behera uztea alarma egoera; koronabirusaren pandemiari aurre egiteko indarrean izan da ezohiko neurri hori Espainiako Estatu osoan joan den urtetik. Hori dela eta, aurrerantzean gertatuko denaren inguruko ziurgabetasuna da nagusi egunotan. Eusko Jaurlaritzak asteartean aurkeztu zuen alarma egoera amaitzen denean pandemiari aurre egiteko hartu nahi dituen neurriak baimentzeko dekretuaren zirriborroa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, eta azken horren oniritziaren zain daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako agintariak. Hain zuzen, gaur erabakiko du Auzitegi Nagusiak proposatutako neurriak ezartzeko baimena emango duen ala ez, eta bihar emango du ebazpenaren berri. Jaurlaritzaren dekretuak Auzitegi Nagusiaren oniritzia jasoko balu, igandean sartuko lirateke arauak indarrean, alarma egoera amaitzearekin batera. 

Auzitegi Nagusiaren esku dagoen zirriborroak Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren itxiera perimetrala proposatzen du intzidentzia tasa 200dik gorakoa bada. Horrez gain, etxeratze agindua mantentzea eta gehienez lau pertsonako bilkurak egitea ere jasotzen du, baita 400dik gorako intzidentzia tasa duten herriak perimetralki ixtea ere. Fiskaltzak atzo ezezkoa eman zion dekretu zirriborroari, neurri horiek oinarrizko eskubideak murrizten dituztelako, eta alarma egoerarik ezean ezin delako halakorik onartu.

Auzitegi Nagusiaren ebazpenarekin konforme ez badira geratzen, Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko aukera izango luke Eusko Jaurlaritzak, baina Iñigo Urkullu lehendakariak gaur Jaurlaritzaren osoko bilkurara sartu aurretik egin dituen adierazpenen arabera, soilik Auzitegi Nagusiak onartutako neurri murriztaileak sartuko dituzte igandean indarrean sartuko den dekretuan. Lehendakariak jakitera eman du “berme juridikoa” bilatzen dutela, eta Auzitegi Gorenera jotzeak eragingo lukeen “ziurgabetasun aldia” saihestu nahi dutela. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide