Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaur erabaki du 2022. urterako lan egutegia, eta aldaketa nabarmen bat izango da: abenduaren 25a igandea egokituko denez, irailaren 6a jaieguna izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Elkanoren Eguna gisa izendatu dute egun hori; izan ere, Juan Sebastian Elkano 1522ko irailaren 6an iritsi zen Sanlucar de Barramedara (Cadiz, Espainia) munduari bira emanda. Datorren urteko irailaren 6an 500 urte beteko dira ordutik.
2022an hainbat jaiegun izango dira, urtero legez: urtarrilaren 1a; apirilaren 14a, 15a eta 18a –Aste Santua eta Pazko Astea–; uztailaren 25a; abuztuaren 15a; irailaren 6a; urriaren 12a; azaroaren 1a; eta abenduaren 6a zein 8a.