Ibai ertzeko barandetan burdin saretak jartzeko eskatu du Eguzki erakunde ekologistak

Andoni Elduaien 2021ko api. 30a, 09:55

Urola ibaira egindako zabor isurketak salatu ditu erakundeak, eta bide batez udalari eskatu dio ibaien ertzeko barandetan burdin sare gehiago jartzeko.

Eguzki erakundek ekologistak Urola ibaitik ateratako plastiko pilaren beste irudi batekin salatu ditu ibaietara egiten diren zabor isurketak. Ugarte kalea eta Bizkargi plaza bitarteko ibaiaren zatitik atera ditu erakundeak plastikoak.

"Zaborrak ez dira nahita isuri ibaira; gure gizartean oraindik hain errotuta dagoen ideiatik datoz, hau da, kaleak zikin egon daitezkeela edo zikindu daitezkeela, kale-garbitzaileak edukitzeagatik. Halere, ez dira zabor denak biltzen", adierazi du Eguzkik. Halere, nabarmendu du zabor asko ibai ertzean edo ibaiaren ibilguan pilatzen dela "haizeak eramanda".

Era berean, ibai ertzeko zenbait barandetan dauden burdin sareak beste gune batzuetara zabaltzeko eskatu dio erakunde ekologistak Azkoitiko Udalari. "Sare horiek instalatzeak ez digu konponduko ibaian gure zaborrekin dugun arazo guztia, baina bai zati bat. Eta horixe da, hain zuzen ere, hasi behar den bidea: gure  artean urte gehiegi daramatzan ingurumen-arazo bat lehengoratzea ahalbidetuko duten neurriak hartzea", adierazi dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide