Azkoitiko EH Bilduk ohar bidez jakinarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak (EAELAB) atzera bota ditu Azkoitiko Udalak joan zen 2020ko iraileko udalbatzarrean aho batez onartu zituen arau subsidiarioetako aldaketak. Larke 360 eraikuntza enpresak Azkaraten egin nahi zuen eraikuntza eta eraispen hondakinak sailkatzeko instalazioaren lur eremua ez urbanizagarri izendatu zuen erakundeak orduan, baina EAELABen ebazpenak –ostiralean argitaratuko dute dokumentu ofiziala, EH Bilduren arabera– planta egitea ahalbidetzen du, koalizioak jakinarazi duenez. "EAELABek Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak erabilera matrizera mugatzea eskatzen du, eta beraz, atzera bota ditu iraileko plenoan aho batez onartu genituen aldaketak".
EH Bilduk azaldu duenez, legeak planta egitea ahalbidetzen badu ere, "ahal den guztia" egingo du Azkaraten egin nahi duten planta gelditzeko. "Askotan esan dugun bezala, industria jarduera industria lurretan egin behar dela uste dugulako eta horrelako plantek kudeaketa publikoa izan behar dutelako". Gainera, koalizioak esan duenez, legeak ahalbidetzeak ez du esan nahi herri bakoitzean halako planta baten beharra dagoenik. "Eusko Jaurlaritzak argi esan zuenez, momentu honetan Gipuzkoan ez da beste eraikuntza eta eraispen hondakinen planta baten beharrik".
Juridikoki egon daitezkeen "aukera guztiak" aztertuko dituela esan du Azkoitiko EH Bilduk, eta joan zen iraileko udalbatzarrean hartutako erabakia aho batez babestu zuten gainerako alderdi guztiek ere gauza bera egitea espero duela azaldu du. Bestalde, Larkek hitza eman zuela ere esan du koalizioak: "Herriak plantari ezetz esango balio, ez lukeela proiektuarekin aurrera jarraituko esan zuen, eta bere hitza betetzea espero dugu, arau subsidiarioen aldaketaren kontra sartu zuen alegazioak kontrakoa erakusten badu ere".