Positibo berrien kopuruak behera, baina intzidentzia tasak gora egin du Azkoitian azken astebetean

Nerea Uranga 2021ko api. 23a, 12:40

Atzo beste hamar kasu positibo berri baieztatu zituzten herrian, 59 izan dira astebetean, eta 1.401,99koa da intzidentzia tasa. Azken astebetean aurrekoan baino kasu positibo gutxiago (99 izan ziren) atzeman dituzte Azkoitian, baina intzidentzia tasak goraka jarraitu du, 1.210,05ekoa zen gaur zortzi. Apirilaren 13tik perimetralki itxita dago herria eta hala jarraitu beharko du. Gainera, tabernen eta jatetxeen ordutegiek murriztuta segiko dute eta barruko taldeko kirol jarduerek are gehiago mugatuta.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaerari buruz eguerdiro ateratzen duen txostena. Horren arabera, datu kezkagarriekin jarraitzen du Azkoitiak, azken zazpi egunetan aurreko astean baino kasu positibo gutxiago baieztatu dituzte herrian, baina intzidentzia tasak gora egin du.

Hamar kasu positibo berri atzeman zituzten atzo, 59 izan dira aste guztian, eta gorantz segitzen du hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopuruak. Gaur zortzi, apirilaren 16an, 1.210,05ekoa eta gaur-gaurkoz 1.401,99koa da. Hala eta guztiz ere, atzotik behera egin du intzidentzia tasak; izan ere, atzo 1.410,33koa zen zenbatekoa. Beraz, perimetralki itxita jarraituko du herriak, eta horrekin batera, tabernen eta jatetxeen ordutegiek murriztuta segiko dute eta barruko taldeko kirol jarduerek are gehiago mugatuta.

Eskualdeko panorama ere ez da batere samurra: atzo 59 kasu berri atzeman zituzten guztira, eta 457 izan dira azken zazpi egunotan zenbatutakoak; aurrekoan 396. Eskualdean Azkoitia da 5.000 biztanletik gorako herrietan intzidentzia tasarik altuenarekin jarraitzen duena, baina gainontzekoetan duten egoera ere ez da askoz hobea. Zarautzen hogei kasu zenbatu zituzten atzo eta 1.195,01ekoa da tasa. Orion, lau kasu berri atzeman zituzten atzo, eta 1.239,04ko tasa dute. Zumaian 1.170,25eko tasa dute atzo zazpi positibo baieztatuta. Getarian bi kasu atzeman zituzten atzo, eta 1.590,11ko tasa dute. Azpeitian, berriz, zortzi positibo hauteman zituzten han, eta 611,04ko tasa dute. 5.000 biztanleko herrien artetik intzidentzia tasa altuena Aian dute, 1.964,74koa, lau kasu baieztatu zituzten atzo udalerri horretan. Aizarnazabalen kasu bakarra hauteman zuten atzo, eta 520koa da tasa. Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez zuten kasu positiborik hauteman atzo.

Hego Euskal Herrian 1.171 positibo berri

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako azken datuen arabera, atzo, guztira, 1.171 kasu positibo berri zenbatu zituzten: 117 Araban, 425 Bizkaian, 431 Gipuzkoan eta 184 Nafarroan. Denera, 13.303 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurralde horietan; %9k eman zuten positibo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta % 7,7k Nafarroan.

Erietxeetako egoerak ez du hobera egin: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 554 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 173 Zaintza Intentsiboen Unitateetan. Atzo 114 pertsona ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietan. Nafarroan, berriz, 153 dira ospitaleratuta dauden pertsonak, horietatik 35 ZIUetan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide