Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, Azkoitian hamabi kasu positibo atzeman zituzten atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno testetan. Herenegun hautemandako kasu positiboak bikoiztu egin ziren atzo, beraz. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasak edo intzidentzia tasak ere ez du goia jotzeko itxurarik Azkoitian, eta dagoeneko 1.400eko langa gainditu du. Azken positiboen ondoren, 1.410,33koa da kasu metatuen tasa herrian.
Urola Kosta eskualdean, berriz, herenegun baino dezente positibo gutxiago zenbatu zituzten atzo: hain zuzen ere, 53 kasu baieztatu zituzten, bezperan baino 25 gutxiago. Dena den, intzidentzia tasek antzeko joerari eusten diote, eta zifra hori 500eko langatik gorakoa da eskualdeko herri guztietan, Aizarnazabalen, Errezilen eta Beizaman izan ezik.
Azken egunetako joera berretsiz, Zarautzen zenbatu zituzten positibo gehien atzo: hamabost. Dena den, herenegun 23 atzeman zituzten, eta, beraz, zertxobait behera egin du kopuruak. Horrenbestez, intzidentzia tasak ere behera egin du apur bat: herenegun 1.223,09koa zen, eta gaur-gaurkoz 1.173,6koa da. Zarautzen ostean, Azkoitian zenbatu zituzten kasu gehien: hamabi, zehazki. Intzidentzia tasak ere gora egin du herri horretan: 1.410,33koa da egun, eta bezperan 1.385,3koa. Aipatzekoa da Getariaren egoera ere: atzo lau positibo baieztatu zituzten han, eta 1.590,11ko intzidentzia tasa dute. Aian dute eskualde osoko intzidentzia tasarik altuena: bi positibo berri baieztatuta, 1.813,6ko tasa dute.
Zumaian zortzi positibo atzeman zituzten atzo, eta intzidentzia tasak altua izaten jarraitzen du: 1.190,6koa. Orion beste bost kasu baieztatu zituzten atzo, eta han ere milako langa gainditzen du intzidentzia tasak: 1.174,17koa da gaur-gaurkoz. Azpeitia da 5.000 biztanletik gorako herrien artean egoera onena duena: bost positibo baieztatu zituzten atzo han, eta 571,62ko intzidentzia tasa dute. Zestoan kasu bat zenbatu zuten atzo, eta 642,01eko intzidentzia tasa dute. Aizarnazabalen kasu bat atzeman zuten atzo; 390,12koa da hango intzidentzia tasa.
Bestalde, Errezilen eta Beizaman ez dute positiborik atzeman azken orduetan. Errezilen 322,06ko intzidentzia tasa dute egun, eta Beizaman 0 da zifra hori.
Hego Euskal Herrian 1.195 kasu
Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 1.195 positibo zenbatu zituzten atzo: Araban 99, Bizkaian 465, Gipuzkoan 443, Nafarroan 182 eta sei beste lurralde batzuetan. Guztira, 14.893 proba egin zituzten lau lurralde horietan, eta %8k eman zuten positibo.
Erietxeetako egoerari dagokionez, 94 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren zentroetan. Guztira, COVID-19a duten 549 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitale publikoetan, eta horietatik 165 Zaintza Intentsiboen Unitateetan. Azken egunetako kopururik altuena da ZIUetan dauden gaixoena.