Udalak eta Caritas elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Udalak urtero ematen dio dirulaguntza Caritasi eta aurten ere horrela egingo duela jakinarazi dute. Elkarteak 12.424 euro jasoko ditu martxan dituen programak zein proiektuak aurrera eramaten jarraitu ahal izateko. Besteak beste, espetxe eta osasun pastoraltzak egiteaz, elikagai bankuaz edota bestelako laguntzak emateaz arduratzen da Caritas, boluntario talde zabal bati esker.
Javier Zubizarreta alkateak eta Felix Azurmendi parrokoak, Caritas elkartearen ordezkari gisa, izenpetu dute akordioa. Bidelagun izan dute Janire Igoa Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia. Udalak jakinarazi duenez, hirurek "patxadaz solasteko" aprobetxatu dute bilgunea.