Kontzertuekin hasi dituzte Udaberriko Bebarruko Jardunek

Andoni Elduaien 2021ko api. 19a, 14:01

Soma Cult taldearen kontzertuko irudi bat. (Argazkiak: Ainhoa Beristain)

Joan den asteburuan hasi eta datorrenean amaituko dituzte aurtengo Udaberriko Bebarruko Jardunetako saioak.

Urtebeteko etenaldiaren ostean, herenegun, zapatua, hasi zituzten Udaberriko Bebarruko Jardunek, Matadeixen. 12:30ean hasita, Joseba B. Lenoir Gangen kontzertua izan zen. Atzo, berriz, Soma Cult taldea igo zen Matadeixeko oholtzara, ordu berean. 

Sexty Sexers musika taldean hasi zen Joseba Baleztena –Joseba B. Lenoir Gang– gitarra jotzen Electric Child izenarekin, eta hiru disko kaleratu zituzten. 2009. urtetik aurrera beste talde batzuetan egin zuen urratsa, Willis Drummond, Izaki Gardenak eta Mugaldekoak taldeetan hain zuzen. Saioa Garinekin batera Matrioska heart diskoa ere ondu zuen. 2012. urtean ekin zion bakarkako bideari, eta orduz geroztik hainbat disko aurkeztu ditu.

Soma Cult taldea, berriz, 2017 urte bukaeran jaio zen, eta 60ko eta 90eko hamarkadetako doinuak dituzte erreferentzia bere abestietan. Psychodelia, popa eta grungea nahasten dituzte. Taldea Julen Hidalgok –bateria–, Joseba Gutierrezek –baxua– eta Josemari Unanuek –gitarra eta ahotsa– osatzen dute.

Asteburuan, ekintza gehiago

Datorren larunbatean, berriz, igurzten diren sokazko instrumentuen teknika berrien hastapen tailerra izango da Matadeixen; gehienez, hamar lagunek parte hartu ahal izango dute, eta 10:30ean hasiko da tailerra. Egun berean, 17:30ean, Trigger taldearen kontzertua izango da. Azken egunean, apirilaren 25ean, Muskuloren emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, 12:30ean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide